AKTUALITATEA


| 2022-09-09 11:45:00

EH Bilduren ustez, guztiz onartezina da Pasaiako PSE-EEk (EAJk abalatuta) Correos eta Ciriza arteko orubean errepide bat eraikitzea planteatzea. Errepide hori, Euskadi Etorbidetik Adinberriko obren ondorioz udal-merkatura atzeko orubean egingo den behin-behineko aparkalekura sartu ahal izateko eraiki nahi dute udal eta foru agintariek.

EH Bilduk hilabeteak daramatza PSE-EE eta EAJren gobernuari errepide hori erabat zentzugabea dela ohartarazten, azokaren atzeko orubeak errepide bidezko sarbide naturala baitu Aduana kaletik. Koalizio abertzaleak ez du ulertzen PSE-EEk eta EAJk ibilgailuentzako sarbide berri hori Euskadi Etorbideatik eraikitzeko egiten ari diren ahalegina, egingo duen gauza bakarra Euskadi Etorbidean zirkulazio-kaosa sortzea izango baita. Beraz, galdetu du: zer interesi erantzuten dio proiektu horrek? Herrikoei edo Portukoei? Norentzat gobernatzen du Pasaiako alkateak?

Gogoratu behar da, gainera, planteatzen den errepideak mugikortasun-sailaren txosten negatiboak dituela, eta bertan ohartarazten dela karretera horrek herrian sortuko dituen arazoak. Beraz, EH Bilduk beste behin eskatu nahi die PSE-EEri eta EAJri proposamen hori bertan behera uzteko eta alde batera uzteko trintxerpetarrei inolako onurarik ekarriko ez dien errepide zentzugabea eta beharrezkoa ez dena eraikitzeko proiektua.