Pasaiako EH Bilduk eskatu die PSE-EEri eta EAJri txosten bat egin dezatela zuntz optikoaren hedapenaren egoerari buruz, dagoen arazoari lehenbailehen irtenbidea emateko. Gaur egun udalerriko familia askok ezin dute interneteko konexio onargarririk izan etxean, eta horrek arazoak eragiten dizkie telelana egiteko, ikasteko edo aisialdi digitala izateko orduan.
Zehazki, Pasaian, zuntz optikoa oraindik osorik zabaldu ez den bi barruti daude: San Pedro eta Donibane. San Pedroren kasuan, hirigune historikoko 380 etxebizitza dira konexio mota hori izan ezin dutenak, eta, horretarako azpiegitura prest badago ere, zuntza oraindik ez da haien etxeetara iristen. Donibaneren kasuan, ordea, egoera askoz larriagoa da. 630 etxebizitzak ezin dute zuntz optikoko konexiorik izan beren etxeetan, eta etxebizitza horiei mila ikasle baino gehiago dituen ikastetxe bat gehitu behar zaie. Gainera, kasu honetan, arazoa zabalagoa da; izan ere, kanalizazioa ez da existitzen, eta arazoak alde zaharrari eragiteaz gain, Meipi, Juan XXIII eta Lurdes Txiki auzoei ere eragiten die, besteak beste.
Egoera horren aurrean, EH Bilduk proposamen bat egin zuen ekainean. Proposamen horri, ordea, ez diote erantzun PSE-EEk eta EAJk. Koalizioak erregistratutako dokumentuak eskatzen zien gobernuko taldeei proba pilotu bat has zezatela zuntz optiko publikoko sarea instalatuz bai San Pedroko hirigune historikoan bai Donibanekoan, eta esperientzia ondo aterako balitz, gero udalerri osora zabaldu zezatela. Gainera, hainbat herrik aukeratu dute metodo hori, besteak beste, Zumaiak eta Ermuak.
Ez da onargarria 2022an Pasaia ere azken postuetan egotea EAEko banda zabal ultra-azkarraren hedapenari dagokionez, eta horregatik EH Bilduk eskatu die PSE-EEri eta EAJri lehenbailehen lanean hasteko.