AKTUALITATEA


| 2021-04-19 12:00:00

Urte eta erdi luze itxaron eta insistitu ostean, dagoeneko Pasaian da Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak airearen kalitatea neurtzeko duen gailu mugikorra. Ekintza honek, Pasaiako EH Bilduk 2019ko iraleko plenoan aurkeztutako proposamen bati erantzuten dio, ondoren, urte bereko urrian bozeramaile guztien artean adostu zena.

Neurgailuaren helburua Pasai Antxoko airearen kalitatea ezagutzea da, batez ere, Portuak eragin ohi dituen afekzioak neurtzea ondoren neurri zuzentzaile zehatzak proposatzeko eta dagokionari erantzukizuna eskatu ahal izateko. Neurgailu honek PM10 motako partikulak neurtuko ditu hainbat asteetan zehar eta neurketa hauei esker Portutik eratorritako hauts-partikula solido zein likidoek (hala nola: errautsak, partikula metalikoak, kedarra, porlana...) gure herrian duten eragina ezagutu ahal izango dugu; eta are garrantzitsuagoa dena, arnasten dugun aireak zein kalitate duen.

«Portuak sortutako aire-kutsadurak pasaitarrongan duen inpaktua ezagutu ahal izango dugu»

Pasaiako EH Bilduk oso pozgarritzat jo du berria honi esker Portuak sortutako aire-kutsadurak Pasaiako herritarrongan duen inpaktua ezagutu ahal izango dugulako lehen aldiz. Bide batez, jakinarazi nahi dugu neurgailuak Pasai Antxoko neurketak amaitzen dituenean Pasai San Pedron jarraituko duela bere ibilbidea, zonalde horretan Portuaren kutsadurak duen inpaktua ezagutu ahal izateko.

Lanean ari gara, Pasaiako lehen indar gisa herritarrek eman ziguten konfidantza eta ardurari erantzuten. Hau horren adibide garbia da: herritarren bizitzak eta osasuna erdigunean jartzen dituzten proposamenak eginez. Argi dago alderdi guztion adostasunek pasaitarren bizi-kalitatea hobetzen dutela. Guk bide horretatik jarraituko dugu.