AKTUALITATEA


| 2021-12-01 11:55:00

Atzo Pasaian egindako osoko bilkuran Pasaiako EH Bilduk ezezkoa eman zion PSE-EEk eta EAJk aurkeztutako 2022ko aurrekontuari. Hala ere, gobernua osatzen duten taldeek EH Bilduren hainbat proposamen onartu zituen, zalantzarik gabe, Pasaiako aurrekontua hobetzen dutenak.

Bi arrazoi ditu EH Bilduk ezezkoa justifikatzeko. Batetik, gobernuak uko egiten diola Aldunditik jasoko duen diru guztia aurrekontuan jasotzeari. EH Bilduren ustez, inbertsio garrantzitsuak gauzatzeko unea da, ausartak eta handinahiak izateko unea. PSE-EAJ, ordea, EH Bilduren proposamena ez onartzeko erabiltzen duten «zuhurtziaz» mintzo dira – gure ustez, anbizio falta –.

PSE-EAJk EH Bilduren proposamen estrategikoen kontra egin zuten

Bestetik, koalizio abertzaleak planteatutako hainbat proiektu eta konpromisoren aurrean jasotako ezezkoak. Egitasmoen artean honako hauek zeuden: Udalaren etxebizitza-plana gauzatzeko dirua, tokiko merkataritza eta ostalaritza bultzatzeko 200.000€-ko funtsa, Rabanne plazaren sorrera bultzatzeko partida (Ziriza Etxearen eta Correosen arteko orubean), Tritxerpeko Mendiolabideko luizia konpontzeko funtsa eta San Pedroko Kanpitxu kaleko errepidearen zoladura eta urbanizazioa egiteko partida. Konpromisoen artean, bi lan-mahai sortzea proposatzen genuen: bata, Antxoko eragileekin, Luzuriaga eraikinak irekiko duen aukeraz hitz egiteko, eta, bestea, Trintxerpeko elkarteekin eta Rabanne Fundazioarekin, Zirizak izan behar duen kultur proiektuan pentsatzen eta elkarrekin lan egiten hasteko. Proposamen horien guztien aurrean, ezezko erantzuna baino ez dugu jaso.

EH Bilduren hainbat proposamen onartu zituen udalbatzarrak

Dena ez zen txarra izan, ordea, udal gobernuak EH Bilduk planteatutako hainbat proposamen onartu zituelako. Horien artean garrantzitsuenak dira Donibaneko mendien hegaletatik gasa edo beste instalazio batzuk sartzeko aukera aztertzeko azterlana, 50.000€-ko funtsa tokiko merkataritzari laguntzeko kontsumo-bonuen bidez, hutsik dauden merkataritza-lokalen udal-erregistroa sortzeko partida bat – biak behin baino gehiagotan eskatu ditu merkataritza-elkarteak –, eta, azkenik, bi funts udal-eraikinetan eguzki-plakak instalatzeko eta kale-argiterian LED argiak ezartzen jarraitzeko partida.

Lortutako akordio puntualak onak dira Pasaiarentzat, eta EH Bilduren konpromisoak irmoa izaten jarraituko du: Pasaian lanean jarraituko dugu, dagozkien erakunde guztietan bezala, onartu ez diren proiektu horiek lehenbailehen gauza daitezen. Bada garaia Pasaia dagoen atakatik ateratzeko. Pasaiak merezi du eta gu horretarako prest gaude.