AKTUALITATEA


| 2021-06-16 12:45:00

EH Bilduk udako epealdiari begira premia larriaz onartu beharreko hainbat proposamen egin dizkio Pasaiako udal gobernuari Donibaneko espazio publikoa elkarrekin eta errespetuan partekatzeko aukera bermatzeko eta bertako herritarron bizitza errazteko. Proposamenak, besteak beste, bertokoen zein bisitarien arteko elkarbizitzarekin, trafikoarekin eta garbitasunarekin daude lotuta.

Eskaera ez da berria, baina bai berritua. Ezin da ukatu 2020ko udaran Donibanen mugikortasunarekin, garbitasunarekin eta oro har, elkarbizitzarekin lotutako gabeziak handiak izan zirela. Eta bestelako kexak jaso arren, udalak ez zuela jakin, gure uste apalean, behar bezala aditu eta behar bezain azkar egoera berrietara moldatzen, udal zerbitzu publikoen kalitatea bermatze aldera.

Herritarren premia larrienei erantzun behar diegu, zorrotz eta garaiz. Udal gobernuak urtebete luze izan du joan den urtean asebete gabe utzitako gabezia horiei konponbidea bilatzeko. Baina berriro ere udako atarian aurkitzen garela, ez dugu ikusi horiek konpontzeko inolako mugimendurik.

Urrats zehatzak berandu datoz, agian, baina oraindik garaiz gaude. Honatx, beraz, EH Bilduk premia larriaz onartu beharreko hainbat erabaki proposatu dizkio Pasaiako udal gobernuari. Horien artean:

  1. Donibane kalea, Santiago Plaza, Bonantza pasealekuan eta Alabortzan musukoaren erabilera egokia egiten dela bermatu eta herritarren arteko zein bertokoen eta bisitarien arteko elkarbizitza hobetzeari begira, Udaltzaingoak oinez aritzea bereziki hurrengoak kontutan hartuta: oinezkoen lehentasuna bermatzea (bizikleta eta patinete elektrikoen aurrean), motorren sarrera ekiditea eta zakurrak loturik doazela bermatzea (udal ordenantzak dioen bezala).
  2. Donibaneko alde zaharreko eremuan guztion osasun-ziurtasuna eta oinezkoen lehentasuna bermatu daitezen, indarrean dauden trafiko-arauak betearaztea. Honekin, Donibane kalea trafikoari guztiz istea astegunetako 15:00-20:00 bitarte (larunbata barne) eta igande eta jaiegunetan egun osoz. Horrez gain, Bizkaia plazako aparkalekuak bertokoentzat izatea, Bizkaia plazan, Donibane kalean edo Bonantza pasealekuan bizi diren herritarrak lehenetsiz.
  3. Garbiketari dagokionez, alde zaharreko komun guztiak zabaltzea eta puntetako bidean dagoena konpondu eta zabaltzea behingoz. Gainera, udalak garbiketa igandeetan gauzatzeko txanda berezia ezartzea langileekin moduak eta konpentsazioak adostuta.
  4. Motorarekin lotuta, azken urteotan udako bisitarien gorakada kontutan hartuta eta motora zerbitzua MUGIan integratzen ez den bitartean, Pasaiako Udalak ItxasZerbi SL enpresarekin duen hitzarmenaren baitan, bertokoen pasa-txartela osatzea eta enpresarekin horren terminoak adostea, egunero Donibanetik-San Pedrora igaro behar diren pasaitarrei motoran erabilera lehentasuna bermatzeko eta bereziki udan jasan behar ditugun ilara luzeak ekiditeko.
  5. Azkenik, Arrokaundietarekin lotuta, udan bereziki pilaketa handiak sortzen diren gunea izanik, eguerdi eta arrats partean Udaltzaingoak bertatik pasatzea proposatu dugu, bertan dauden erabiltzaileak eremua eta ingurua modu egokian erabiltzen ari direla ikuskatzeko (mahaien erabilera, zaborra, etab.).