AKTUALITATEA


| 2022-01-10 12:30:00

EH Bilduk Trintxerpen kalitatezko berdegune berria sortzea planteatu dio Pasaiako udal gobernuari, jolaserako guneak, aisialdirako gune atseginak eta zuhaitz-guneak hartuko lituzkeena. Gune hori, Portuko Agintaritzak Correos eta Ziriza eraikinaren artean utzitako orubean kokatuko litzateke. Gainera, kota-aldea kontutan hartuta, parke berria Aduana kalean eraikiko litzatekeen aparkaleku batekin lotzea proposatu du. Aparkaleku horrek 60 eta 70 plaza artean izango lituzke, inguruko biztanleek beren ibilgailuak aparkatu ahal izateko eta, horrela, egungo aparkalekuaren arazoa pixka bat arintzeko.

Gai hori azaroan helarazi zion EH Bilduk PSE-EEk eta EAJk osatutako taldeari. Zehazki, 2022rako udal aurrekontuen negoziazioan, Trintxerpeko elkarteek Zirizaren inguruan egiten duten proposamenarekin bat etorrita, EH Bilduk planteatu zuen negoziazioa hasi ahal izatea Portu Agintaritzarekin, Pasaiako herritarrek lehenbailehen goza dezaten Euskadi Etorbideko orube horretaz. Hala ere, Pasaian gobernua osatzen duten bi alderdiek proiektu horren eta eremua egokitzeko 150.000 euroko partida ekonomikoaren aurka bozkatu zuten, beste behin ere, trintxerpetarren beharrak alde batera utzita. Era berean, uko egin zioten Ziriza eraikina kultura- eta elkarte-ekipamendu gisa berreskuratzeko lanetan diharduten trintxerpetarren elkarteekin lan-mahai bat sortzeari.

Zentzu horretan, Portu Agintaritzak abenduan egindako azken Administrazio Kontseiluan Lezoko Udalari 4.200 m2-ko bi lursail doan lagatzeko hartutako erabakiak agerian uzten du, beste behin ere, EH Bilduk egindako proposamena guztiz errealista eta egingarria dela.

Hori esanda, EH Bilduk berriro eskatuko die hurrengo hirigintza batzordean PSE-EEri eta EAJri lan egin dezatela Trintxerpek eta Pasaiak herritarren gozamenerako espazio hori lehenbailehen lortzeko.