AKTUALITATEA


| 2021-07-02 11:55:00

Dagoeneko denok dakigunez, PSE-EEk eta EAJ-PNVk osatutako Pasaiako udal gobernuak duela aste gutxi iragarri zuen Pasaiak laster izango duela aparkatzeko ordenantza berri bat, "udalerri osoan bertakoen aparkalekua arautuko duena".

Ordenantza horren aurretiko kontsultarekin batera, argitara eman dituzte araudi berriak jaso nahi duenaren zertzelada batzuk, eta EH Bilduk izan duen lehen inpresioa ez da batere ona izan: planteamendu sinpleegia eta anbiziorik gabea aurreikusten dugu, udalerri osoa inolaz ere arautuko ez duena.

Hala ere, uztailaren 12ra arte ekarpenak egiteko aukera zabaldu dute eta pasaitarrak parte hartzera gonbidatu nahi ditugu. Parte hartzeko bi modu daude: udaltzain@pasaia.net helbidera mezu bat bidalita edo HAZ bulegoen bidez.

Garrantzitsua iruditzen zaigu herritarrek horrelako prozesuetan parte hartzea, beren ekarpenak eginez eta udal gobernuari lehenbailehen urratsak emateko eskatuz, auzo eta barruti ezberdinetan aparkatzerako orduan pasaitarren lehentasuna bermatzeko.

Azkenik, adierazi nahi dugu berriro ere argi gelditu dela udal gobernuak ez duela interesik herritarrek eta elkarteek horrelako prozesuetan aktiboki parte har dezaten, eta horregatik, EH Bilduk bilera irekiak egingo dituela irailean lau barrutietan aparkalekuaren gaia herritarrekin jorratzeko.