EH Bilduk Eusko Legebiltzarrari eskatuko dio Antxoko anbulatorioa Luzuriagako etxebizitzen I. fasearen behealdean behin betiko birkokatzeko. Rebeka Ubera legebiltzarkideak (EH Bildu) egindako galdera idatzi batzuen harira dator proposamena. Bertan, kokapen berri hori aztertzeko eskatu zitzaion Osasun sailburuari, Luzuriagako II. fasearen eraikuntza gehiegi atzeratzen ari dela kontuan hartuta.
Gogoratu behar da Antxoko anbulatorioak hamar urte daramatzala behin-behineko funtzionamenduan horretarako prestatutako barrakoi batzuetan. Hamar urte eta mundu mailako pandemia baten ondoren, honek oraindik ez du behin betiko kokapenik, eta EH Bilduren ustez onartezina da anbulatorioa bezalako azpiegitura publiko eta lehen mailako batek hainbeste denbora eta promesen ondoren modulu aurrefabrikatuetan behin-behinean funtzionatzen jarraitzea.
Anbulatorioak 5.300 pertsona baino gehiagori ematen die zerbitzua, eta 11 kontsulta mediko eta erizaintzako kontsulta ditu. Pandemian, hainbat arazo izan ditu espazioari dagokionez, barrakoietan funtzionatzen egon delako. Honen ondorioz, adibidez, PCR probak kalean egin behar izan dira, koronabirusa izan zezaketen pertsonen eta gaixotasun arruntak dituzten pertsonen arteko kontaktu oro saihestu ahal izateko. Guztiz onartezina den gertaera.
Gainera, Uberak egindako galderen ondoren, jakin ahal izan du EH Bilduk Luzuriagako etxebizitzen II. faseak oraindik ez duela hasteko datarik. Etxebizitza horien etxabeetan eraiki behar zen anbulatorio berria.
Horregatik guztiagatik, eta lehentasun handiko gaia dela kontuan hartuta, EH Bilduk aurkeztutako legez besteko proposamena eztabaidatuko da parlamentuan, non eskatuko zaion Jaurlaritzari anbulatorioa behin betiko birkokatzea Luzuriagako lehen faseko etxabeetan. Lokal hauek Visesarenak dira, Eusko Jaurlaritzaren sozietate publiko dena.