Pasa den ostiralean “Oarsoaldeko gizarteratze eta laneratze poloa” aurkeztu zen Oiartzunen, Eusko Jaurlaritzaren Oarsoaldea Berpiztu planaren barruan. Iragarritako 24 milioiak zehazten joatea eta horiekin eskualdean bertan erabakitako proiektuak finantzatzea positiboki baloratzen dugu, nahiz eta berandu datozen.
EH Bildun argi dugu Eusko Jaurlaritzari zein Gipuzkoako Foru Aldundiari Oarsoaldeko garapen sozioekonomikorako 2017-2025 Plan Estrategikoko ildoei bultzada eta laguntza ematea dagokiela, gure eskualdean bizi garenok bizitza bizigarriak izan ditzagun. Norabide horretan, Berpiztu plana ongietorria da, aintzat hartzen dituelako gure eskualdetik ateratako hausnarketak eta ondorioak.
Ezin dugu ahaztu, Eusko Legebiltzarrak Oarsoaldea biziberritzeko ponentzia 2015ean egin zuela eta behin-betiko txostena 2018an onartu zuela. Bere ondorioetan, Eusko Legebiltzarrak Lezo, Pasaia, Errenteria eta Oiartzun biziberritzeko Plan Estrategiko bat diseinatzeko agindua eman zion Eusko Jaurlaritzari, eskualdeko eragileekin adostua izan behar zuena.
Ponentzia abiatu zenetik sei urte behar izan ditu, beraz, Eusko Jaurlaritzak gure eskualdeak behar eta erabaki dituen proiektuetarako finantziazioa jartzen hasteko. Eta plan honek hasiera besterik ezin du izan. Oarsoaldea ez da berpiztuko 24 milioiekin osatutako programa eta ekimen puntual baten bidez, Oarsoaldeak eskualdetik bertatik ateratako proiektuak finantzatzeko eta egikaritzeko epe ertain eta luzerako estrategia behar du, hori baita Gipuzkoa orekatuagoa, justuagoa eta kohesionatuagoa ortzeko bidea.