AKTUALITATEA


| 2023-06-06 13:45:00

Pasaiako EH Bilduk oso balorazio positiboa egiten dugu joan den igandeko udal hauteskundeen ondoren. Lehen indarra izan gara berriro ere Pasaian, azken hauteskundeetako joerari eutsita. Eta oraingoan, gainera, barruti guztietan irabaztea lortu dugu, alde nabarmenarekin.

Hala ere, hauteskundetan egondako abstentzio handiak arduratu gaitu eta uste dugu indar politikooi hausnarketarako tartea eskatuko digula horrek. Edonola ere, EH Bilduk bozka kopurua handitzea lortu du herritarrek gugan jarritako konfiantza handia izanik. Ondorioz, guzti horiei gure eskerrik beroena helarazi nahi diegu.

Teo Alberro alkategaiak kanpainan ongi adierazi bezala, hemendik aurrera, Trintxerpeko, Antxoko, San Pedroko eta Donibaneko alkate izateko bultzada jaso du eta dagoeneko lanean ari gara herritarrei lehen seihilekoan hitzemandako konpromisoak betetzeko.

Amaitzeko, gure herrian estrategikoak diren epe ertain-luzeko erronka handiei, beste instituzioekin elkarlana eskatuko dutenak, heltzeko prest gaudela adierazi nahi dugu eta erronka hauek herritarren partaidetza aktiboa eta gainontzeko indar politikoen kolaborazioa eskatuko dutela ziur gaude. Horregatik, datozen egunotan, lehen indar gisa, kontaktu erronda abiatuko dugu ordezkaritza lortu duten Pasaiako gainontzeko alderdiekin.