Antxo, Donibane, San Pedro eta Trintxerpeko herritarrak artatzeko hitzordu irekiak jarri ditugu abian. Hain zuzen ere, gaur bertan lau alkateordeak herritarrekin hitz egiteko zain egongo dira 18:00etatik 19:30era. Modu honetan, EH Bilduk agindutako elkarlanerako bidea urratzen jarraitzen du.
Alkateordetza hitzorduak berriro abian jartzea gure hauteskunde konpromisoa zen; esan eta egin. Iraila hastearekin batera udalaren ateak ireki ditugu lau barrutietan, orain, herritarrak deitzen ditugu euren arazo eta ekarpenen berri herrikide dituzten alkateordeei emateko.
Herritarrekin batera herria egiten jarraitu ahal izateko ezinbestekoa da elkar ezagutza eta horretarako aukera ere ematen dute alkateordetza hauek. Izan ere, barruti guztietako pasaitarrek dituzten arazoak ez ezik, bizilagunen inguruko kezkak eta herri hobea egiteko proposamenak ere izango baitira hitzordu horietan jorratu ahal izango direnak.
EH Bildun, oposizioan egon garenean ere, arduraz jokatu dugu eta herritarrak lehen eskuko ezagutza duten pertsona gisa tratatu ditugu. Orain alkatetzan egonda, jarrera hori bera mantenduko dugu, azkeneko urteetan herritarrek udalarekiko eduki duten deskonexioa konpontzeko pauso txikia da hau. Jakitun gara honek ez duela dena konponduko baina zintzotasunetik egindako ekimena da, eta datozen hilabeteetan ikusi ahal izango diren beste zenbait ekintza eta proiekturekin batera erakutsiko dute udalak eta herritarrek elkarrekin egin dezaketela Pasaia hobea.
Hauek dira hitzordu hauetarako informazio praktikoa eta alkateordeen kontaktuak, izan ere, hitzordua aldez aurretik zehaztea beharrezkoa ez bada ere, izan bada gomendagarria: https://www.pasaia.eus/eu/alkateordeak