AKTUALITATEA


| 2022-12-18 13:00:00

Agintaldiaren puntu honetara iritsita argi eta garbi esan genezake legealdia amaituta dagoela. Azken zazpi urteetako dinamikak argi erakutsi digu egungo PSOEren eta EAJren udal gobernua herritarrengandik oso urruti dagoela eta Pasaiak dituen erronka handien ardura hartzeak bertigo ematen diela. Gobernantza eta kudeaketa eredu zaharkitua eta bertikala dute eta Pasaiak haize freskoa behar du, behingoz.

Horren aurrean, EH Bildu ausardiaz eta elkarlanerako grinaz aritu da etengabe, herritarrekin, eragileekin eta beste indar politikoekin. Hamaika dira, udal mailan egin ditugun proposamenak eta beste horren beste gobernuari eskua luzatu diogun aldiak. Baina horren aurrean, pareta gogor bat besterik ez dugu topatu; azken hamarkadetan herritarrengandik eta hauen beharretatik urrutien dagoen udal gobernua.

Legealdiaren hasieran garbi esan genuen Pasaiak anbizioa behar zuela, gauzak beste era batera egin zitezkeela, eta horren adibide dira Madrilen, Eusko Legebiltzarrean, Batzar Nagusietan zein Udalean bultzatu ditugun akordio eta ekimen estrategikoak. Hala nola:

  • - 6 milioi euro Luzuriaga estatuari erosi eta eraikina birgaitzeko

  • - Ziriza etxearen egoera desblokeatzea eta 300.000 euroko diru funtsa lortzea 

  • - Jaurlaritzak topoaren zubibidea eraisteko eta Azoka eraisteagatik kalte-ordaina Luzuriagara bideratzeko sustatu dugun akordioa

  • - Motora Mugi sisteman urtea amaitu baino lehen txertatzeko akordioa

Eta udal eta herri mailan gauzatu ditugun hamaika ekimen. Horien artean:

  • - Bertako merkataritza sustatzeko laguntza ekonomikoak

  • - Terrazen ordenantzaren edo kultur ordenantzaren lanketak

  • - Aparkalekuen inguruan egin ditugu proposamen estrategikoak

  • - Udako epealdian turismoaren eragina leuntzeko egin ditugun proposamenak

  • - Trantsizio energetikoari lotuta aurrekontuetan bultzatu ditugun neurriak

Ezin da ukatu, beraz, oposizio aktiboa egin dugula eta horri esker, herri programan genituen zenbait helburu aurrera eramatea lortu dugula, herritarrei eman genien hitza betez. Hala ere, oraindik asko dago egiteke. Horregatik diogu Pasaiak udal gobernu sendoa eta ausarta behar duela. Herritarrekin elkarlanean arituko dena eta herriko beharrak asetzeko azala utziko duena. Erabakiak bere egin eta hirugarrenen esku utziko ez dituen udal gobernua. Hori da gure buruari ezarri diogun erronka eta publiko egin nahi dugun konpromisoa.

Hilabete determinanteak datozkigu, eta badakigu hauteskundeen atarian PSOE zein EAJ, EAJ zein PSOE saiatuko direla orain arte atzeratzen joan diren proiektuak egikaritzen. Adibide zehatzak ditugu gainera: Lonjaren estalkiaren obra, topoaren lurrazpiratzea, saneamendua edota La Herreran bultzatu nahi dituzten aldaketak. Baina ezin dugu ahaztu: PSOE eta EAJ izan dira guzti horiek etengabe eta askotan denbora mugagabez atzeratu dituztenak.

Amaitzeko, Pasaiako herritarrei azken mezu bat igorri nahi dizuegu: badakigu PSOEk eta EAJk aukera izanez gero zer egingo duten. EH Bildurena, aldiz, guztion artean jorratuko dugun bidea izango da. Ez da bide erraza izango, badakigu, eta horregatik antolaketarako deia egin nahi dizuegu. Ezer ez da ezinezkoa eta hori bera da demostratu duguna EH Bildutik agintaldi honetan.