AKTUALITATEA


| 2020-09-10 12:00:00

Kezkatuta gaude, oso.

Azken asteetan gure herrian eman diren jazarpen ezberdinek arduraz eta zentzuz jokatzen hasteko garaia dela garbi utzi dute. Urteak daramazkigu esaten Pasaia utzita dagoela, eta azken gertakariek indartu besterik ez dute egiten gure argudioa. Gure instituzioek kanpotik datozen aginduei erantzun besterik ez dute egiten, ez dute Pasaia euren politiken erdigunean jartzen.

Donostia eder eta turistikoan obra faraonikoak lehenesten dituzten bitartean inguruko herriak – periferia – suburbio bilakatzen ari dira. Geroz eta entzunagoa dugu “Pasaia ciudad sin ley” espresioa, eta horrek, larritu bezainbeste haserretzen gaitu. Herritarrak abandonatuta sentitzen dira, utzita.

Pasai Antxon azken asteetan eman diren jazarpenak harrera pisuek sortutako segurtasun faltan eta jatorri anitzeko gazteetan zentralizatu nahi izan dira, bide batez, ezkutuko arrazakeria ustela eta estigmatizazioa bultzatuz. Baina gure ustez, hori ez da arazoa; fokua era bat desitxuratu nahi izan dute. Lapurretan ibiltzen direnak ez dira hemen bizi, ibiltariak dira. Horregatik, guk argi utzi nahi dugu: Pasaiak, eta kasu honetan Antxok, duen gabezia harekiko dagoen utzikeria instituzionala da.

Antxo, eta oro har Pasaia, ez da bereziki arriskutsua. Ez ditugu lapurretak onartu eta normalizatu behar, jakina, eta kale seguruak eskatzea era bat zilegi eta beharrezkoa da. Baina era berean, ezin dugu inondik inora onartu lapurretei erantzun bortitzak ematea, gure arteko indarkeriarekin ez baikoaz inora. Elkarbizitza, aniztasuna eta mugimendu askatasuna aldarrikatu behar ditugu.

Gure ustez, aurrean dugun arazoak konponbide orokorra behar du, benetan jatorriari helduko diona. Horretarako:

  • Ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzaren, Aldundiaren eta Udalaren arteko elkarlana, Antxok Donostiako “atzeko patioa” izateari utzi behar dio.

  • Erabat kolapsatuta dauden gizarte zerbitzuak indartu behar dira eta gizarte laguntzaileekin gaia landu.

  • Herriko puntu ilunak ezabatu behar dira, horretarako ezinbestekoa den topoaren lurperatzea bultzatuz.

  • Gaia udaltzaingoarekin landu behar da, eta nola ez, droga ilegalen salmenta-erosketa eta kontsumoa modu kritikoan aztertu behar da.

  • Auzoko merkataritza indartu behar da, auzo-herri bizia behar dugulako, arrazakeria kutsu txikiena zorrotz salatuko duen herri bizia.

Hitzak hitz direla jakinik, Antxorekin dugun konpromisoa berretsi nahi dugu. EH Bilduko kideok astebete daramagu barne-mailan gaia lantzen, aditu eta herritar ezberdinekin biltzen. Datozen egunotan, Auzo elkartearekin eta herriko gazteekin interlokuzio bideak irekitzeko ahalegina egingo dugu. Legealdi osoa daramagu Pasaia erdigunean jartzen, eta oraingo honetan ere horretan jarraituko dugu.