AKTUALITATEA


| 2022-06-01 17:29:00

"Aurreko ostiralean egindako Irungo udalbatzaren osoko bilkuran 14 milioi euroko kreditu aldaketa onartu zen. EH Bildun argi genuen hain kopuru handiko kreditu aldaketa batek Irunen dauden beharrei erantzuna ematen lagundu behar zuela. Hala, gure zuzenketen bidez udal gobernuaren hasierako proposamena orekatzen saiatu ginen, inbertsio sozial handiago lortzeko asmoz.

Udal gobernuarekin izandako negoziazioen ondorioz baiezko botoa eman genion kreditu aldaketari. Argi dugu ez dela guk egingo genukeen kreditu aldaketa, baina hainbat zuzenketa onartu zitzaizkigun, konpromiso argi batzuk lortu genituen eta hainbat eztabaida mahaigaineratzeko aukera izan genuen. Hortaz, uste dugu, gure zuzenketek proiektua aberastu dutela eta irundarron ongizatean eragin positiboa izango dutela.

Bereziki azpimagarria iruditzen zaigu EH Bilduk aurkeztutako zuzenketa baten ondorioz udal gobernuak erabilera sozialerako etxebizitzak erosi eta egokitzeko konpromisoa hartu izana, hirian dauden etxegabetzei aurre egiteko beharrezko neurria baita.

Kirola izan da gure ardatzetako bat kreditu aldaketa honetan. Ur bizietako praktikarako San Miguelen dagoen eraikinean eta Plaiaundiko kirol instalazioetan hobekuntzak egingo dira gure taldeak aurkeztutako zuzenketei esker. Gainera, Irungo taldeek eta norbanakoek kirola egiteko espazioen beharra agerian utzi dugu, erabilera anitzeko pabilioia mahaigaineratuz.

Tokiko garapenean indarra jarri dugu ere eta gure bi zuzenketei esker kooperatibismoa eta ekonomia soziala bultzatzeko plan estrategiko egingo da eta Irungo Udalean erosketa eta kontratazio arduratsuak bultzatzeko ikerketa egingo da. 

Auzoei bizitza emateko neurriak proposatu ditugu ere, eta auzoetako kultur eskaintza handituko da gure taldeak aurkeztutako zuzenketa bati esker. Azkenik, gazteei eragiten dien bi neurri martxan jarriko dira EH Bilduren ekimenez: Gautxori autobus zerbitzuaren zein Donostiako unibertsitatera doazen autobusen maiztasuna handitzeko lanketa egingo da.

Hemendik aurrera ere lanean jarraituko dugu herri bezala aurrera egiteko eta irundarron ongizatean eragiteko neurriak bultzatzen, baina espero dufu udal gobernuak aurrerantzean egingo dituen proposamenetan egungo kirisari erantzuteko neurriak aurreikustea, izaera sozial eta aurrerakoieko neurriak, eta ez hirigintza proiektu hutsak."