AKTUALITATEA


| 2025-04-14 17:37:00

Azken astean komunikabideetan zabaldu diren informazioen bidez ezagutu dugu  maiatzaren 1tik aurrera Bidasoaldeko Ospitaleko larrialdietako pediatria zerbitzua itxiko dela.

Bidasoko haur eta familientzako ezinbestekoa den zerbitzuaren itxiera honek hiriko osasun zerbitzuen galera berri bat suposatuko du, Osakidetzak zerbitzuan hobekuntzak egingo zituela saldu bazuen ere, Anbulategietako ordutegien handitzea iragarriz. Izan ere, EH Bildutentzat Bidasoaldeko Ospitalean larrialdietako pediatriak ematen duen zerbitzua anbulategietako pediatriaren ordutegiaren zabaltzearekin ordezkatzea onartezina da.

Are gehiago, Euskadiko Medikuen Sindikatuak ezeztatu egin ditu Osakidetzaren azken adierazpenak; neurria profesionalekin batera adostu izana ukatu du, pediatriako larrialdietako zerbitzuekin amaitzeko helburua duen erabakia dela salatu du, eta inprobisazio bidez kudeatzea leporatu diote.

Gauzak hala, Irungo Udalean gaur eguerdian egin den Bozeramaile Batzordean Irungo Alkateak jakinarazi duenez Osasun Sailetik ez zaio Udalari egoeraren gaineko informazio zabalegirik eman, ez eta idatziz ezer aurkeztu ere. Honen aurrean sailburuarekin biltzeko eskaera egingo du alkateak.  

EH Bildurentzako, orain arte dugun informazio eskasaren eta azalpenik eman ez izanaren ardura Osasun Sailarena da, eta beraz, Bidasoko eskualdeko herritarren ezinegonaren erantzule zuzena da.  EH Bildutik egoera bideratzea eskatzen dugu, maiatzaren 1eko itxiera eman aurretik Osasun Sailburua Irun eta Hondarribiko Udalekin bildu, eta, bidebatez, larrialdietako pediatriako zerbitzua mantentzeko beharrezkoak diren neurriak lehenbailehen hartzea exijitzen dugu.