AKTUALITATEA


| 2025-04-04 09:43:00

Gobernantza eredu berrien unea da.

EAJk eta PSEk udal gobernu koalizio berria osatu dute, Irungo politika instituzionalean azken hilabeteetan eman den albiste esanguratsuenetarikoa izan dela esan dezakegu.

Bi alderdien egituren akordio orokor baten baitan, PSEk eta EAJk gehiengoa duten instituzioetan elkarrekin gobernatzen dute. Azken asteetan, akordio hori Irunen ere egikaritu da, PSEk udal aurrekontuen onarpena atzeratu behar izan eta gutxira. 

Orain, bi alderdien esku dago gobernu berriaren oinarrian zer dagoen frogatzea, urteetan izan dituzten posizio kontrajarriak nola bideratu dituzten azaltzea eta lerro-buru gutxi batzuk jasotzen dituen akordio baten sendotasuna egiaztatzea.

Izan ere, garai berri batean sartu garen honetan, EH Bildutik aukera hau aprobetxatu nahi dugu gobernu berrien gainean ez ezik, gobernantza eredu berrien gainean hitz egiteko. Irunen beharrezkoa den aldaketa ez da aurpegi edo izen-abizenen aldaketa batera murrizten, egiteko modu desberdinak bultzatu behar dira, inertzietatik aldenduta. Udala zerbitzu publikoen kudeatzaile izatetik, eragile eta hiritarrekin batera hiria elkarlanean eraikitzen duen aliatu izatera pasa behar da.

EH Bildutik bestelako gobernantza-eredu baten alde egiten dugu, Udala zerbitzu publikoen administratzaile hutsa izatetik, herritarrekin eta eragileekin batera zerbitzuak disenatu eta bultzatzen dituen aliatua izate aldera. Horretarako, ezinbestekoa da XXI. mendeko politikak martxan jartzea eta hiri honen erronkei ikuspegi komunitario batetik aurre egitea, hurbiltasunez eta modu integralean.

Gure taldetik Irun hiri atseginagoa izatea bilatzen dugu, biztanleriaren zahartzearen aurrean auzoetara zerbitzu publikoak gerturatzea aldarrikatuz. Isuri Gutxiko Eremua ezartzen denerako  Irun prest egon dadin lan egiten dugu.  Bertako talentu eta hiriko beharrekin bat datozen kirol-instalazio duinak exijitzen ditugu, osasunera bideratutako kirol politika integralekin batera. Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko udal-eskumenak muturreraino eramateko lanean dihardugu. Gazteen osasun mentalean oinarritutako politikak aldarrikatzen ditugu, eta bizitza duinak bermatuko dituen eta zaintza-eredu berri baten alde lan egiten jarraitzen dugu.

Hori da bai Udalean, bai udaletik kanpo dugun eginkizuna, eta auzoz auzo lanean jarraituko dugu, gurekin batera Irun hobe baterako bidea egin nahi duen ororekin lanean jarraitzeko.