Irunen larunbaterako aurreikusia zegoen Euskaraldiko ekitaldia lekuz mugitu behar izan zen azken unean, Irungo Udalaren arloen arteko koordinazio faltaren ondorioz.
Izan ere, Euskaraldiko egitarauaren baitan, eguerdiko 12etan, Elatzetako Muxikoak taldeak, Txorimaloak soinu taldeak eta Elatzeta abesbatzak San Juan plazan ekitaldia zuten. Bestalde, udaletik leku eta ordu berean kirol froga baterako baimena eman zen, eta Euskaraldiko ekimenaren muntaketa lanak hasiak bazeuden ere, eragileek plaza utzi behar izan zuten.
Udaleko arloen arteko koordinazio faltari egotzi bazaio ere, enegarrenez, Irungo Udalak euskara bigarren maila batean utzi eta Euskaraldi betean, haur, gazte zein helduz osatutako euskarazko ekimen bat zokoratu du.
EH Bildutik, Irungo Udalak euskararekiko eta euskaraz egiten diren ekimenekiko duen jarrera sistematiko hau salatu eta horrelakorik ez errepikatzeko neurriak exijitzen ditugu.
Irunen euskarak ezinbestekoa duen lekurik izan gabe jarraitzen duela frogatu da, eta Udal Gobernu berriak euskararekiko konpromisoa modu irmoagoan adierazi behar duela, soinean txapa bat jartzetik harago doana.