PSEk eta EAJk Udal Gobernu berria eratzeko sinatutako akordioa ez da irundarren beharrei erantzuteko akordioa izan. Komunikabideei bi alderdien artean landutako gai estrategikoen dokumentu bat aurkeztu zitzaien; bertan zerrendatutako proiektu askok ostiralean onartu ziren aurrekontuetan islarik ez duten bitartean, beste hainbatek ez dute inongo begirada estrategikotik, atzetik datozen edo dagoeneko abian dauden proiektuen zerrenda luze bat besterik ez delarik.
Hori hala izanik, ondorengo galdera egiten dugu; Nola eramango dituzte aurrera PSEk eta EAJk adostutako neurri guzti horiek, ez dituztenean 2025eko aurrekontuan aurreikusi?
Azken urteetan bi alderdiek izandako gatazka eta Irunekiko ikuspegi kontrajarriak nola bideratu diren jakin gabe jarraitzen dugu. Aurrekontuen bidez datozen urteetako lehentasunak zehaztu beharko lirateke, baina ostiralean onartutako aurrekontua PSEk bakarrik gobernatzen zuenean landutako aurrekontua da.
Bide horretan, EH Bildutik Irundarron beharrak erdigunean jarri nahi izan genituen eta, besteak beste, etxebizitza eskubidea bermatu eta etxebizitzaren beharrari aurre egiteko neurriak proposatu genituen, auzoetako bizitza aberastu eta hobetzeko neurriak, zaintza beharrei aurre egiteko helburua zituztenak, mugikortasun jasangarriago baterantz aurrera egitekoak, edota Irunen euskara sustatzeko ezinbestekoak zirenak. Azken finean, Irunen bizi garenon bizitza hobetuko luketen neurriak planteatu genituen ostiraleko udalbatzan, hori delako gure helburu nagusia eta gure lanaren ipar-orratza.
Baina PSEk eta EAJk gobernu koalizioaren negoziazioarekin batera adostu dute 2025eko aurrekontua, Irunen aurrekontuen gaineko lanketa politikoari lekurik eman gabe. Hau ez da Irunek behar duen gobernantza eredua.
Guzti honengatik, EH Bildutik aurrekontuaren kontra bozkatu genuen. Izan ere, testuinguru politikoa aldatu bada ere, gure taldetik, orain arte egin bezala lanean jarraituko dugu Irun anitz, moderno, euskaldun, burujabe, eta parekide baterantz aurrera egiteko.
Irundarrei, hiriak egun eta etorkizunera begira dituen erronken diagnostiko partekatu soila baino zerbait gehiago zor zaiela sinesten dugulako. Eta erronka horiei irundarren mesedetan erantzuteko baliatuko du EH Bilduk gainerako erakundeetan duen ordezkaritza.