Gipuzkoa

EH Bilduk, EAJ-k eta Elkarrekin Gipuzkoak adinekoak diren eta gaixo dauden presoak espetxetik ateratzeko ebazpena onartu dute

| 2020-06-15 17:04:00

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Giza Eskubideen Batzordean, EH Bilduren, EAJ-ren eta Elkarrekin Gipuzkoaren botoen bidez, adinekoak diren eta gaixo dauden presoak etxeratzeko ebazpena onartu da. Horrela, Gipuzkoako Batzar Nagusiek hurrengo konpromisoak hartzen dituzte:

- Gipuzkoako Batzar Nagusiek Espainiako Gobernuari eskatzen diote, bere ahalmenak erabiliz, ordenamendu juridikoaren barruan eta nazioarteko erakundeen gomendioei jarraituz, presoak espetxetik ateratzeko neurri egokiak har ditzala, bereziki COVID-19ren aurrean kalte-beratasun berezia dutenak, zehazki, pandemia kutsatzearen aurrean arrisku-taldeak osatzeagatik 65 urtetik gorako adinagatik aurretiko patologia serioak, kronikoak edo larriagotuak dituztenak.

- Gipuzkoako Batzar Nagusiek Espainiako Gobernuari eskatzen diote, neurriak har ditzala, delituaren tipologia edo larritasunetik eratorritako inolako salbuespenik gabe, zigorraren hiru laurdenak bete dituzten presoak espetxetik ateratzeko, berrerortzeko arrisku handirik ez dutenak edo/eta gizarteratzearen aldeko pronostikoa dutenak, familia-baliabideekin edo hurbileko gizarte-inguruneko baliabideekin, konfinamendua gizartearen baldintza berberetan egiteko.

- Gipuzkoako Batzar Nagusiek Espainiako Gobernuari eskatzen diote, Osasun, Justizia eta Herrizaingo sailen arteko koordinazioa bermatu dezala, babes-neurriak orokortzeko, prebentzio sintomak aztertzeko eta espetxean dauden pertsonen diagnostiko azkarra egiteko. Berehala sare publikoko ospitaleetara bideratuko dira COVID-19 gaixotasunagatik positibo ematen duten edo sintomak dituzten pertsonak.

- Gipuzkoako Batzar Nagusiek Espainiako Gobernuari eskatzen diote osasun-krisiak irauten duen bitartean berma dezala presoei informazioa emateko eskubidea, pandemiaren garapenari eta hartutako neurriei buruzko ezagutza eguneratua eta eskuragarria eskainiz, bereziki espetxeen barruan, birusaren hedapena prebenitzeko eta geldiarazteko. Era berean, presoen eta senideen arteko zeharkako komunikazioa hedatu behar da, telefono-deien doakotasunarekin, eta bideo-deien erabilera zabalduz gaixotasun edo familia-larrialdiagatik ezarritako egungo murrizketetatik harago.

- Gipuzkoako Batzar Nagusiek Espainiako Gobernuari eskatzen diote, Pandemia piztu aurreko normalizazioaren bila deseskalada hasten denean, kontuan har ditzala askatasunik gabe dauden pertsonak, eta arindu daitezela presoek beren familiekin eta abokatuekin zuzeneko komunikazioei berrekiteko erabakiak. Ildo horretan, beharrezko urratsak eman behar dira hala eskatzen duten presoak, euren etxeetatik gertu dauden espetxeetara hurbiltzeko. Ez bakarrik bere eskubidea delako, baizik eta presoen komunikazioak normalizatzeko eragozpen erantsi bat delako. Presoak beren familiengana geografikoki hurbiltzea; horretarako, beharrezkoa da beste garraio-mota batzuen antzeko higiene- eta segurtasun-neurriak dituzten garraiobideak berreskuratzea. Hurbilketa hasi beharko litzateke etxetik urrunen dauden presoekin eta seme-alaba adingabeen gurasoekin.

Ondorengo dokumentuan jatorrizko ebazpen-proposamena ikus dezakezu.

 

EAEko Auzitegi Nagusiaren sententzia berri batek baliorik gabe utzi du Zaldunbordako megaoutleta egin ahal izateko Hondarribiko Udalak egindako hirigintza plana

| 2020-06-12 18:03:00

Hondarribiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra baliorik gabe utzi du EAEko Auzitegi Nagusiak. Plan Orokor hori Zaldunbordako megaoutleta egin ahal izateko aldatu zuen Hondarribiko Udalak preseski.


EH Bilduren iritziz, albiste ona da sententzia hori, batez ere, eskualde horretako merkatari eta dendari txikien biziraupenerako. Horregatik, Hondarribian eta gainerako erakundeetan ardura politikoa duten guztiei eskatzen diegu Zaldunbordako obsesio hori behingoz alboratzeko eta sententzia ez errekurritzeko.


EH Bilduk sarri eskatu du Zaldunbordako proiektua gelditzeko. Azken aldiz pasa den astean bertan, Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran, eta eskaerarekin bat egin zuten Elkarrekin Gipuzkoak eta PP alderdiak ere. Gasteizko legebiltzarreko aho batez onartutako legeari burla egin izana salatu zuen Juan Karlos Izagirre bozeramaileak, gogora ekarriz legea onartu bezperan eman ziola Hondarribiako alkateak hasierako onespena proiektuari, legetik salbuetsita gera zedin. “Hasita gaude erabakiak hartzen, epe motzean laguntzeko: autonomoak, dendariak, komertzio eta tailer txikiak, bertako komertzioaren aldeko kanpainak, bono-dendak, diru-laguntzak, ordainketa fiskala egiteko atzerapenak… Baina zertarako balio du honek guztiak, aldi berean, kalte neurtezina
egingo dien Zaldunborda bezalako proiektu bat onartzen badugu?”, adierazi zuen.


Gainera pandemiak iraun duen bitartean, proiektuak aurrera egin du. Zuhaitz-mozketak eta lurmugimenduak egin dira baimenik gabe, Udalak albo batera begiratzen zuen bitartean.

Hondartzak dituzten udalei baliabideak indartzeko eskaera irailera atzeratu dute EAJk eta PSEk

Ekaineko azken plenorako gaia urgentziaz lantzeko EH Bilduren eskaera atzera bota dute.

| 2020-06-12 13:15:00

2020ko hondartza denboraldiak hastear dela, Gipuzkoako udalek neurri bereziak hartu behar dituzte Covid 19aren aurkako babesa indartzeko. Aldundiak udalei emandako baliabideak indartzeko eskaera, ordea, irailera arte atzeratu dute gobernuan dauden bi alderdiek, Batzar Nagusietako azken plenoan sartzeko urgentziarik ez baitiote onartu.


EH Bilduren ustez, onartezina da eztabaida sahiestu nahi izatea eta bitartean kostako udalak baliabide eta babesik gabe uztea. Are gehiago, udal horiei foru funtsetik %20ko murrizketa aplikatu dietenean, eurekin ezer adostu gabe. Beharrezko segurtasun neurriak hartzeko baliabide ekonomiko, material eta pertsonal gehiago behar dituzte udalek, baina horretarako ez dute ekarpen gehigarririk jaso Foru Aldunditik, eta hori lehenbailehen bermatzea ezinbestekoa ikusten du EH Bilduk, hondartza denboraldia gain-gainean egonda bertaratzen diren herritarren segurtasuna bermatzea ezinbestekoa delako.


EH Bilduk bere ebazpen-proposamenean eskatzen du indartu ditzala 2020ko Gipuzkoako hondartza denboraldirako udalen esku jarri beharreko baliabide ekonomiko, material eta pertsonalak, udal horiek Covid 19ari aurre egiteko neurri bereziak martxan jartzeko modua izan dezaten. Aurtengo denboraldian nahiz datozenetan Gipuzkoako Hondartzen Lurralde Mahaian sortu daitezkeen kudeaketa arazoei irtenbide adostua eman diezaiela, eta beharrezko lantaldeak atondu ditzala alor horiekin lotutako auziak jorratzeko. Eta azkenik, hemendik aurrera sortuko diren behar berriei erantzuteko zerbitzuak eta bereziki sorospen zerbitzua amankomunatzea aztertuko duen lantaldea abian jar dezala, aukerak aztertu eta proposamenak landu ditzan, etorkizun hurbilean helburu hori lortzeko.


Gaiaren urgentzia ikusita, Osoko bilkuran ez bada ere, modu batera edo bestera gaiari heltzeko eskatzen dio EH Bilduk Aldundiari, uda hasi aurretik.

Gipuzkoan #PREST gaude!

| 2020-06-12 10:08:00

Erronka izugarria daukagu datorren uztailaren 12an. Pandemia egoeran hauteskundeak egingo dira, egoera zaila bada ere, aukera bikaina dugu iraganeko politikak atzean utzi eta herri hau eraldatzeko. Erantzuteko eta erantzukizunak hartzeko garaia da. Ez gaude politikan aldatu ezin diren gauzak onartzeko, politikan onartu ezin diren gauzak aldatzeko gaude.


Herri hau berriz ere ezker subiranistaren balioetatik zume indartsuenekin altxatzeko, indarra erakutsi behar dugu. Aukera paregabea dugu herri honen eraldaketan pertsonak eta haien beharrak erdigunean jartzeko

 

Konfinamendu garaiko 20:00etako txaloak jende guztia zainduko duen politika publiko sendoetan bilakatu behar ditugu, inor atzean utzi gabe.


Lasteketa hau irabaztera goaz, eta noski, gure askatasuna dela aldarrikatzen jarraituko dugu! 


Gipuzkoan #PREST gaude!
 

Mendi eta baso politika iraunkorra orain

Mirene Begiristainen, Gipuzkoako EH Bilduko batzarkidearen iritzi artikulua

| 2020-06-05 11:13:00

Azken hilabete hauetako krisialdiak nabariagoa egin du ezinbestean gure ingurunearekin dugun harremana eredu orekatu eta iraunkor batean oinarritu behar dela lehenbailehen.



Harreman orekatu horrek bere baitan hartzen du gure mendi eta basoekin dugun harremana, ezinbestekoa dugularik baso naturalak birsortzea atmosferako CO2 ezabatzeko, klima aldaketari aurre egiteko eta biodibertsitatearen galera geldiarazteko.



Nazioarteko ebidentzia zientifikoek aspaldidanik azpimarratu dute eukaliptoa espezie exotiko eta inbaditzailea dela eta Kantauriko mendietan edo eremu konfinatuetatik kanpo erabiltzeak mehatxu asko dakarrela. Izan ere, biodibertsitatean eta paisaian duen eraginaz gain, eragin zuzena du ubide eta ibaiertzetako landarediaren kontserbazioan –hil ala biziko mehatxupean dauden espezientzat–, uraren kalitatean –eta beraz gure osasunean–, lurzoruaren kontserbazioan, uholde arriskuaren kudeaketan, eta abar. Gainera, basoak soiltzeak, magalak pistaz josteak, lur mugimenduak eragiteak eta lurzorua trinkotzeak kalte konponezinak dakartzate. Kontuan izan behar dugu ere, aldaketa klimatikoaren ondorioak are larriagoak izango direla hazkuntza azkarreko landaketak nagusitzen diren heinean.



Azken urteetako mendi eta basoen kudeaketa eredua behin baino gehiagotan auzitan jarri izan da baina bere kalteak handituz doaz azken hamarkadetan. Azken urtean ere, saiakera bat baino gehiago egin ditugu EH Bildutik bai Gipuzkoako Aldundiarekin eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan ekimen desberdinen bitartez mendi eta basoen inguruko eztabaida zabaldu eta etorkizuneko eredu baten proposamena lantzeko. Baina, beste behin, hainbatetan aipatzen den lankidetza bidezko gobernantza eza nabarmendu da.



Gipuzkoako Foru Aldundiak mendi eta baso politikan eskumen garrantzitsuak ditu, aurrekontuan ere bideratzen diren dirulaguntzek erakusten duten lez. Beraz, ardura handiak nabarmenduta, gure basoak berreskuratzeko eta klima babesteko, eta, gipuzkoar guztion mendi eta baso politika iraunkor baterako, baso ondarea zaindu eta handitzearen aldeko estrategia lehenestea premiazkoa da. Gaur egungo eredutik, hobekuntza marjina handia dago, basoaren kudeaketarako ikuspegi integrala barneratuz eta horretarako beharrezkoak diren bitartekoak jarriz.



Hori guztia kontuan izanik, eta gaur, ekainak 5, ostirala, Nazioarteko Ingurumen Eguna dela medio, eukaliptoaren gaiari espezifikoki eta gure mendi eta basoen kontserbazioren ereduari orokorrean lehenbailehen eusteko dugun ardura eta urgentzia azpimarratu nahi dugu. Zentzu horretan, deia egin nahi dugu politika publikoetan gaurtik bertatik epe luzeko iraunkortasunaren erronkarekin koherentzian jarduteko, hurrengo legealdian mendi-basoen zaintza jasangarrirako legea helburu erreal bihurtzeko eta lurraldez lurralde ditugun eskumenak horretarako egokitzeko. EH Bilduren konpromisoa azpimarratu nahi dugu bide hori jorratzeko, tokian tokikotik hasita eta intzidentzia politikoa dugun esparru guztietan.

ALBISTEAK

Iriarte: “Urkulluk Ibarretxe Plana alfonbra azpian ezkutatu du, erabakitzeko eskubidearen etsaiek belarriekin txalo egiten duten bitartean”

2020-06-30 13:32:00

Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko oztopo izatea eta hitza ez betetzea egotzi dio Iriartek EAJko hautagaiari, eta burujabetzaren aldeko botoa eskatu du. “Norbaitek uste al du Urkullu eta Mendiaren gobernu batek gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea defendatuko duela?”.

Nerea Kortajarena: “EH Bilduk 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatzeko konpromisoa du”

2020-06-29 19:23:00

Gipuzkoako zerrendakideak euskal instituzioek eskura dituzten tresna guztiak erabiltzeko borondatea erakutsi du miseriazko pentsioak amaitzeko.

Iriarte: “Urkulluk zintzoa izan behar du eta jendeari esan behar dio guraizea noraino sartuko duen”

2020-06-29 19:20:00

EAJk irabaziz gero, murrizketak seguruak direla ohartarazi du Iriartek, eta alternatiba egon badagoela azpimarratu du, zerga erreforma baten bidez krisiaren faktura langileriak berriz ordaindu behar izan ez dezan.

Prekarietatea amaitzea, gazte eta emakumeei begira bereziki, lehentasuntzat izango duen gobernu bat osatzeko konpromisoa hartu du Iriartek

2020-06-29 19:13:00

Maddalen Iriarteren ustez, uztailaren 12an hautatu behar da: edo EAJren eredua, prekarietatera kondenatzen gaituena, edo EH Bildurena, segurtasuna ematen duena. 33.000 lanpostu sortu, 1.200 euroko gutxieneko soldata ezarri eta alokairu publikoko 11.000 etxebizitza eskaintzeko plana azaldu du.