Positiboki baloratzen dugu Tolosalderako osasun zentro publiko baten aldeko apustua irmoa dela esatea. Hori albiste ona da, eta norabide egokian doala uste dugu. Baina egia da denbora aurrera doala ere, eta oraindik titularretatik harago ez dela aurrerapenik egon. Ez zaigu bidezkoa iruditzen, ezta serioa ere, tamaina horretako egitasmo bati buruzko informazioa tantaka eta prentsa aurreko titularren bidez soilik ezagutaraztea. Eta are larriagoa da tokiko alkateek ere komunikabideekin batera izan dutela nobedadeen berri, aurretiaz ez baitzaie inolako informaziorik helarazi.
Gutxi dira publiko egindako datuak, baina horiek gure kezka areagotu dute. Osasun zentro berriak 74 ohe izango dituela azaldu zien komunikabideei Osasun sailburuak. Nola eman asmo da zerbitzu hobea egun Asuncion ospitalean dauden baino ia 50 ohe gutxiagorekin? Bestetik, hiru kirofano edukiko omen ditu, eta Gipuzkoako erreferentzia izango omen da osasun proba batzuk egiteko. Egun, Tolosaldeko herritarrentzat bost kirofano ditu Asuncion klinikak, nola izango da hiru kirofanoko zentro berria erreferente Gipuzkoa mailan? Erantzuna Donostia ospitaleak zerbitzua osatuko duela bada, Tolosalderako proposamenak Donostia ospitalea indartzeko plangintza oso bat ekarri beharko luke. Eta, zoritxarrez, Eusko Jaurlaritzako ordezkariek ez dute horren inguruko inolako aipamenik egin.
Oraindik ez dago proiektu zehatzik mahai gainean, ez plan funtzionalik, ez aparkalekuen arazoari irtenbidea emateko planteamenturik, ezta irisgarritasun azterketarik ere. Trafiko kontzentrazio handiko lekua da, suhiltzaileak, Laskorain ikastola, polikiroldegia, Usabal eta Apattako poligonoak eta N1eko sarrera-irteera puntua batzen dira eremu horretan. Irizpide politikoei erantzuten die lekuaren aukeraketak, baina Jaurlaritzaren aldetik azterketa tekniko zorrotz bat espero izatekoa da.
Azkenik, iragarpen honek akats nabarmen bat du. Asuncion klinika existituko ez balitz bezala ezin da etorkizuneko planifikaziorik egin. Ikuspegi integrala duen konponbidea behar dugu Tolosalderako. Osasun arreta ezin da inprobisazioz kudeatu. Tolosaldeak planifikazio sendoa, proiektu argia eta herritarren beharrei egokitutako planteamendu serioa behar ditu.
Bide onetik doa Jaurlaritzaren iragarpena, horixe baita guztia, iragarpen hutsa. Ondorioz, iragarpenak eman ez dituen datuak ezagutu eta ezagutarazteko helburuz, informazio eskaera eta galderak erregistratu ditu EH Bilduren ordezkari Rebeka Uberak Eusko Legebiltzarrean. Eskualdean, berriz, EH Bilduk lanean jarraituko du Tolosaldeak behar duen kalitatezko arreta, publikoa eta euskalduna bermatzeko bidean.