AKTUALITATEA


| 2025-06-27 14:21:00

Migrazioaren gaia konplexua eta ertz askotarikoa izanda tamainako erantzuna eskatzen du. “Nola munduan hala Euskal Herrian, ultraeskuinaren diskurtsoa sartzen ari da jendartearen maila guztietan, eta horri irmoki erantzun behar zaio, migrazio eta aniztasun kulturalaren kudeaketa demokratiko bat eginez, hemen bizi garenon arteko elkarbizitza sustatzeko, eta jarrera arrazistei Euskal Herrian tokirik ez dutela ozen esanez”, adierazi du EH Bilduren batzarkide Jokin Melidak ekainaren 27ko batzordean.

2018tik aurrera Irun eta Lapurdiren arteko muga bihurtu da Afrikatik ihesean dauden migratzaileen igarobidea. Zazpi urte pasa badira ere, muga hori zeharkatzeak ataka konplikatua izaten jarraitzen du, gehienbat Estatu Frantsesak egiten dituen kontrolengatik.

Gauzak horrela, Irunera iristen diren migratzaileei harrera duina emateak euskal instituzio zein jendartearen eginkizuna izan behar du. Irunen Hilanderas izeneko dispositiboak aterpea eman izan die azken urteotan, baina oraindik ere, hainbat migrante baliabidetik kanpo geratzen dira bertan sartzeko irizpideak betetzen ez dituztelako.

Onartutako ebazpenean jasotzen den gisan, egoera hauei zein datozen hilabeteetan eman daitezkeenei aurre egiteko, ezinbestekoa da gaurkotze lan bat egitea, migratzaile bakar bat ere kalean gera ez dadin, eta migratzaile guztiek harrera duin bat izan dezaten, kontuan izanda baliabideak martxan daudela eta are gehiago baliabide hauek azpi-erabilita daudenean.

Besteak beste, dauden baliabideen kudeaketa egokia egitea, dispositiboetarako sarbide irizpideen berrikustea. Adin txikikoen egoera ere kontuan hartzekoa da, izan ere gure eskumen zuzena da.

Hausnarketa sakona beharrezkoa da, beraz. Eta hausnarketa orokorra egiteko Irungo Harrera Sarea bezalako elkarte eta entitateekin egin behar da. Hauek baitira errealitatea ongien ezagutzen dutenak. Bestetik, argi dugu, baita ere, kontrol polizial arbitrarioekin bukatu behar dela, kontrol arrazista horiek Europako legediaren aurkakoak baitira.

Hala, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatuko diote, besteak beste, migrazio-fluxuen kudeaketan, lurralde arteko eta erakunde arteko elkartasunaren printzipioa defendatzea foroetan; gizarte erakundeekin elkarrizketa indartzea; baliabideak aztertzea edota protokoloak eguneratzea.

Bestetik, Eusko Jaurlaritzari eskatuko diote Iragaitzazko Migratzaileei Harrera Egiteko Erakunde arteko Koordinazio Mahaiari dauden baliabideak eta horien sarbiderako irizpideak aztertzea.

Bukatzeko, Espainiako Estatuari Gizarteratze eta Migrazio Ministerioaren erakunde arteko migrazio-mahaian lanketa bat abian jartzea eta Estatu frantsesa interpela dezala Hendaia eta Irunen arteko mugan egiten dituen kontrol arbitrarioak buka ditzan.