AKTUALITATEA


| 2025-06-26 15:05:00

Maiatzaren 13an Gipuzkoako kirol-hastapeneko eredua aztertzeko eta baloratzeko Ponentzia hasi aurretik, EH Bilduk adierazi zuen: “EH Bilduk egungo eskola kirol programan sinesten du, martxan dagoenetik argi eta garbi erakutsi duelako dituen onurak. Baina sendotzeko dago, hobetzeko, eta hori egiteko neurri zehatzak beharrezkoak dira. Hori da ponentzia honetatik EH Bilduk espero duena: egungo Gipuzkoako eskola kirol programa hobetzeko eta sendotzeko neurriak, adituen ahotik, eta ebidentzia zientifiko eta sozialetan oinarrituta”.

Bada, ekainaren 25ean ponentzia amaitu ostean, balorazioa egin du, eta ondorioztatu du aditu eta arituen arteko adostasun oso handi bat dagoela ereduaren alde. EH Bilduren batzarkide Estitxu Elduainek ponentzia parte hartu ostean honela azaldu du: “espezializazio goiztiarra eta kirol gehiegikerien aurrean, haurrak erdigunean jarri eta euren garapen integrala bermatuko duen eredu honi heldu behar zaionaren inguruko adostasuna erabatekoa izan da, eta guk ere hala uste dugu: jarduera fisikoa eta kirola dira haurrei egokitu behar direnak, eta ez alderantziz”.

Eskola kirolak berdinzalea, ekitatiboa eta inklusiboa izan behar du. Gipuzkoako haur guztiek izan behar dute bertan parte hartzeko aukera, eskubidea dutelako. Eta hori, ikastetxe komunitateen bidez bakarrik egin daiteke, eurek erdigunean jarrita. Baina horretarako administrazio publikoek euren diskurtsoaren tamainako baliabideak bermatu behar dizkiete hezkuntza komunitateei. Zaurgarritasunaren ikuspegitik doakotasunaren bidea jorratu beharra dago, ziurrenik, lehentasunez, ikastetxetan jorratzen diren berariazko programetan.

Zehaztasun bat aipatu du Elduaienek, alegia, Gipuzkoako eredu propioa behar du, orain arte bezala, baina malgua izan behar du eredu horrek, tokian tokiko ezaugarrietara moldatuta. “Udalerri eta eskualde mailako adostasunetan oinarritutako tokiko ereduak dira balioan ipini direnak. Sententziaren aurrean, inoiz baino gehiago, udalerri mailako kirol hastapen politikak garrantzia hartzen du. Kirol eskola eta eskola kirolaren arteko borrokaren bukatzeko, klubak zein ikastetxe komunitateak, biak ala biak dira ezinbestekoak. Herriko eragileen arteko adostasunak jostea proposatzen diegu udalerriei, herriko ikastetxe, klub eta bestelako jendarte zibileko eragileekin”, gehitu du.

EH Bilduk aldundiari lidergoa eskatzen dio, jar ditzala eredua tokian tokian behar bezala garatzeko baliabideak; inbertitu dezala eskola adinean dauden haurren jarduera fisiko eta kirol programetan gehiago. Epe motz, ertain eta luzera etekinak emango dituen inbertsioa da, bai osasun, bai hezkuntza eta bai ongizate orokorraren ikuspegitik ere. “Baina baliabide ekonomikoetatik harago, Gipuzkoako aniztasuna aintzat harturik, eredu irmo baina malgu bat osatzeko ere eskatzen diogu Diputazioari, eta eredu horretan, berebiziko garrantzia hartu beharko duen doakotasunaren bidea lantzeak, ikastetxe komunitatetan egikaritu behar diren programetan zehazki”, zehaztu du Elduaienek.

*Irudia: Gipuzkoako Batzar Nagusiak