Gipuzkoa

Aho batez onartutako legea bete eta Zaldunbordako merkataritza gunea gelditzeko konpromisoa bilatuko ditu EH Bilduk

Gasteizko legebiltzarrak aho batez lege bat onartu bezperan Hondarribiko alkateak aldebakarrez proiektu horri bide eman izana ondorio larriak ekarriko dituen arduragabekeria dela adierazi du EH Bilduk eta dekretu hori bertan behera uzteko eskaera egingo du Batzar Nagusietan eta Legebiltzarrean

| 2019-10-04 12:33:00


Hondarribiko alkateak Zaldunbordan eraiki asmo duen outlet merkatalgune handia gelditzeko talde guztien adostasuna lortu nahi du EH Bilduk, bai Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta baita Gasteizko Legebiltzarrean ere. Gaur agerraldia egin dute Iker Casanova legebiltzarkideak eta Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako bozeramaileak. Eurekin izan dira Estitxu Elduaien batzarkidea, Xabier Isasi Hondarribiko zinegotzia eta Ane Unanue Irungo zinegotzia ere.


Casanovak guztien adostasunarekin legebiltzarrean onartutako legearen ibilbidea azaldu du. Izagirrek adierazgarritzat jo ditu Hondarribian eta inguruko herrietan lortutako adostasunak. “Zerbait adierazten dutela uste dugu”, esan du. Izan ere, Irungo alderdi guztiek aho batez Zaldunbordako proiektua gelditzeko eskatu dute eta Hondarribian ere, EAJ izan ezik, gainerako alderdiek bat egin dute eskaera berdinarekin.


EH Bilduk adierazi du Gasteizko legebiltzarrak aho batez lege bat onartu bezperan Hondarribiako alkateak aldebakarrez horrelako erabaki bat hartzea ondorio larriak ekarriko dituen arduragabekeria dela.

Besteak beste, Izagirrek nabarmendu du egun, zailtasun eta arazo asko dituen hurbileko eta kalitatezko denda eta komertzio txikiarentzat, desagertzera bultzatuko duen kolpea izango dela; kotxe pribatuaren erabilera bultzatuz, ingurumenaren ikuspegitik eredu ez jasangarri batean sakontzea ekarriko duela, klima aldaketaren aurkako lana oztopatuz -urtean 5 milioi desplazamendu espero dituzte-; eta, herri eta hirietako hizkuntza ohitura eta kulturan aldaketa nabaria sortuko duela, herri eta hiri bizitza gutxituz eta lotarako eremu huts bilakatzeko arriskuak areagotuz.


Hori dela-eta, datorren astezkenean Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran EH Bilduk ebazpen proposamen bat aurkeztuko du, ondorengoa eskatuz: Hondarribiko udalari eskatzea bertan behera uztea 2019ko ekainaren 26an onartutako dekretua, bertako merkataritzaren aldeko apustua berrestea eta 2019ko ekainaren 27an Eusko Legebiltzarrak onartutako ‘Establezimendu Komertzial Handien Lurralde Antolamenduari buruzko lege proposamena’-k dion bezala, adieraztea Gipuzkoak ez dituela behar azalera handiko merkataritza-gune gehiago.
 

Aizpurua: “Aukera bat daukagu nahi ez gaituzten horien aurrean berriz ere egoteko eta gure programa sutsuki defendatzeko”

“Jendeari gauza bat adierazi nahi diogu, hitza betetzen duena saritu behar da. Hitza betetzen ez duena sarituta, behin eta berriz hitza bete gabe jarraituko dute”, adierazi du Mertxe Aizpurua Kongresuko diputatuak.

| 2019-10-02 13:21:00

Gaur arratsaldean Errenteria/Oreretako Reina Aretoan EH Bildu egin duen herri batzarrean izan da Mertxe Aizpurua: “Aukera bat daukagu, aukera bat hitza betetzen duena saritzeko eta hitza betetzen ez duena zigortzeko. Aukera bat daukagu nahi ez gaituzten horien aurrean berriz ere egoteko, espaniar Kongresuan, gure programa sutsuki defendatzeko”.

 

Aizpuruak gogora ekarri du badirela batzuk “hitza bete ez dutenak, hemen ez dira gai izan akordioak lortzeko eta horregatik, euskaldunak zoritxarrez, espainiar estatuari lotuta gaudelako, berriz ere hauteskundeetara deituta gaude”, adierazi du.

 

EH Bilduren zerrendaburuak argi dauka hitza betetzen duena saritu behar dela: “Hitza betetzen ez duena saritzen bada, behin eta berriz hitza bete gabe jarraituko dute eta hori argi gogoratu behar dugu. Batzuk esaten dute nagitasuna ematen diela berriro ere hauteskundeetara joatea, euskaldunak oraindik ere gaur egun estatu espainolaren menpe egotea da nagitasuna ematen duena”.

 

Horregatik, euskal herritarrak A-10eko hauteskundeetan parte hartzeko mezua bidali du: “Beraiek bozkatzera joango dira, baina independentistak eta ezkertiarrak joango gara bozkatzera eta gehiago izango gara”.

Lanean egonagatik, pobrezian dauden gipuzkoarren kopuruak gora egin du EAJ-PSEren legealdian

Krisia atzean utzi dugula egia bada, inkesta horrek argi erakusten du Aldundiak gipuzkoarren pobreziaren kronifikazioaren aurka ez duela neurri eraginkorrik aplikatu.

| 2019-09-26 15:37:00

Gipuzkoako pobrezia eta gizarte bazterketari buruzko inkestako datuak azaldu ditu gaur Maite Peña diputatuak eta bertan nabarmentzekoa da lanpostu bat izan arren pobrezian dagoen biztanleriaren datua (pobrezia erlatiboa landun populazioan) 4 puntu igo dela azken lau urteetan. Gizarte bazterketan azken inkestatik hona 3.000 persona gehiago daude gainera. Bestalde, pobrezia eta gizarte bazterketa arriskuaren tasa (AROPE tasa), %19,2an dago eta gogorarazi behar da Maite Peñak aurreko legealdiko helburua %18tik jaistea finkatu zuela.

 

Krisi garaiak atzean utzi ditugula egia baldin bada, inkesta horrek argi erakusten du Aldundiko gobernuaren politikek gipuzkoarren arteko ezberdintasunak handitzen dituela eta pobreziaren kronifikazioaren aurka ez duela neurri eraginkorrik aplikatu.

 

Neurri eraginkorrak hartzeko aukera izan dutenean ere uko egin dio EAJ-PSEk. “Azken plenoan aldundiaren eskuduntza diren kontratu guztietan 1.200 euroko gutxieneko soldata finkatzea eskatu zuen EH Bilduk eta gobernuko bi taldeek aurka bozkatu zuten. Ikusi besterik ez dago Tabakalerako langileek 7 hilabete egon dira greban lan baldintza duinak lortzeko, egoitzetako langileak greban ditugu eta hor ere Aldundiak badu zeregina eta erantzukizuna”, esan du Ernesto Merino batzarkideak.

 

Merinok gaineratu du Peñak 2018ko uda aurretik aurkeztu behar zuela inkesta honen emaitza eta EH Bilduk behin baina gehiagotan galdetu arren, diputatuak hauteskundeak pasa arte atzeratu duela bere azalpena.

Izagirre: “Ezinbestekoa da hasitako elkarrizketak berriro hartu eta guztion eskubide guztiak bermatuko dituen konponbide bat ematea egoera honi”

“Aurrerapausotzat jotzen dugu udaleko alderdi guztiek jaietan errespetua eskatuz egindako adierazpen bateratua baina horretan ez du laguntzen Gipuzkoako diputatu nagusiak, alkateak eta EAEko lehendakariak bizkar emateak euren jaietan berdintasunean parte hartu nahi duten gizon-emakumeei”, esan du Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako bozeramaileak.

| 2019-09-08 15:28:00

EH Bilduren ordezkaritza zabal bat Hondarribian izan da gaur Jaizkibel konpainiari bere babesa adierazten eta salatu dute oraindik ere erakunde publikoen babesik gabe desfilatu behar duela berdintasunaren alde lanean ari diren konpainiak.

 

Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako bozeramaileak egin ditu adierazpenak eta berarekin izan dira, besteak beste: Nerea Kortajarena legebiltzarkidea; Marian Beitialarrangoitia, Esther Agirre, Joxemari Carrere, Oskar Bordes eta Maitane Gonzalez batzarkideak; eta EH Bilduko talde feministako hainbat kide.

 

“Gaur gozatzeko eguna da, baina ezin dugu ahaztu oraindik ere ezin dutela guztiek berdintasunean disfrutatu. Oraindik ere, Jaizkibel konpainiako emakume eta gizonek aparte desfilatu behar dute, eta erakunde publikoen babesik gabe. Egoera hau onartezina da”, adierazi du.

EH Bilduk aurrerapausotzat jo du udaleko alderdi guztiek jaietan errespetua eskatuz egindako adierazpen bateratua. “Baina zoritxarrez, oraindik ere ikusi ahal izan ditugu Jaizkibel konpainiak kale Nagusia igaro duenean jasotako mespretxu mezuak. Horretan ez du laguntzen Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olano jaunak, Txomin Sagarzazu alkateak, eta EAEko lehendakariak, Iñigo Urkullu jaunak, bizkar emateak euren jaietan berdintasunean parte hartu nahi duten gizon-emakumeei”.

 

Zentzu horretan, Izagirrek elkarrizketak berrabiarazteko beharra nabarmendu du. “Oinarrizko eskubideak errespetatzen ez diren egoera batean, arduradun politikoek erantzukizunez jokatu beharra daukagu. Ezinbestekoa da hasitako elkarrizketak berriro hartu, bultzatu eta guztion artean guztion eskubide guztiak bermatuko dituen konponbide bat ematea egoera honi. Elkarrizketan egin behar dugu indarra”.

 

Bukatzeko, Jaizkibel konpainiari eta berdintasunaren alde lanean ari diren herritar guztiei eskerrak eman dizkie Izagirrek, jaiak gozatzeko desioa luzatzearekin batera.

Obra publikoetan segurtasuna bermatzea erakunde publikoen ardura da

| 2019-07-18 12:30:00

Anoetako lanetan izandako lan istripua baldintza prekarioen ondorio zuzena dela adierazi du EH Bilduk eta gogorarazi du lan baldintza duinak bermatzea erakunde publikoen ardura eta betebeharra dela. Gaur, ostirala, gehiengo sindikalak egindako deialdiarekin bat egin dugu Gipuzkoako eta Donostiako EH Bilduk.

EH Bilduk pasa den urrian ere salatu zituen obra publikoetako eraikuntza arloko langileen baldintza prekarioak, baita Anoetako lanetan ere, eta gogorarazi zuen kontratu publikoetan klausula sozialak bete eta betearaztea erakunde publikoen ardura dela.

Zorionez, istripu honetan ez dugu hildakorik izan eta badirudi langilea osatze bidean dagoela, baina gehiegitan ikusi ditugu administrazio publikoak bultzatu eta esleitutako proiektuetan heriotz lan istripuak. Istripu horien faktore garrantzitsuena lan prekarietatea da eta hori ekiditeko erakunde publikoek ardura zuzena dute obra horien baldintzetan eta garapenean.

Hori dela-eta, gaur gehiengo sindikalak egin duen deialdian izan da EH Bilduren ordezkaritza bat, zauritutako langileari babesa adierazi eta arduradun publikoei duten erantzunkizuna eskatzeko.

ALBISTEAK

Iriarte: “Urkulluk Ibarretxe Plana alfonbra azpian ezkutatu du, erabakitzeko eskubidearen etsaiek belarriekin txalo egiten duten bitartean”

2020-06-30 13:32:00

Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko oztopo izatea eta hitza ez betetzea egotzi dio Iriartek EAJko hautagaiari, eta burujabetzaren aldeko botoa eskatu du. “Norbaitek uste al du Urkullu eta Mendiaren gobernu batek gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea defendatuko duela?”.

Nerea Kortajarena: “EH Bilduk 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatzeko konpromisoa du”

2020-06-29 19:23:00

Gipuzkoako zerrendakideak euskal instituzioek eskura dituzten tresna guztiak erabiltzeko borondatea erakutsi du miseriazko pentsioak amaitzeko.

Iriarte: “Urkulluk zintzoa izan behar du eta jendeari esan behar dio guraizea noraino sartuko duen”

2020-06-29 19:20:00

EAJk irabaziz gero, murrizketak seguruak direla ohartarazi du Iriartek, eta alternatiba egon badagoela azpimarratu du, zerga erreforma baten bidez krisiaren faktura langileriak berriz ordaindu behar izan ez dezan.

Prekarietatea amaitzea, gazte eta emakumeei begira bereziki, lehentasuntzat izango duen gobernu bat osatzeko konpromisoa hartu du Iriartek

2020-06-29 19:13:00

Maddalen Iriarteren ustez, uztailaren 12an hautatu behar da: edo EAJren eredua, prekarietatera kondenatzen gaituena, edo EH Bildurena, segurtasuna ematen duena. 33.000 lanpostu sortu, 1.200 euroko gutxieneko soldata ezarri eta alokairu publikoko 11.000 etxebizitza eskaintzeko plana azaldu du.