EH Bilduren batzarkide Estitxu Elduaienek Naiz irratian egindako elkarrizketan behin eta berriz berretsi duen bezala, talde politiko ezberdinen arteko akordioak egikaritu egin behar dira. Horren eredu dira, alde batetik, EAJk, PSEk eta EH Bilduk sinatu zuten erreforma fiskal berria, zerga ponentziaren lanketaren ostean; eta bestetik, berriz, Gipuzkoako eta Bizkaiko Batzar Nagusietan EAJ eta EH Bilduren artean erdibidekoa sinatu den autogobernuaren eta estatus politikoaren inguruan.
Uztailean egin zuten akordioa erreforma fiskalaren foru arau berria egiteko Batzar Nagusietako bi talde abertzaleek eta PSEk. Egun, 2025a hasteko bi hilabete eta erdi falta direnean, oraindik foru arauaren berririk ez dago. “Oinarri bat adostu genuen, eta sinistuta gaude erreminta indartsu bat dugula esku artean. Baina hori, orain, foru arau bihurtu behar da. Hilabeteak pasa dira, eta ez dugu horren inguruko informaziorik. Foru arau hori beharrezkoa da paperean adostu den hori benetako politika bihurtzeko”. Arau berri hori 2025erako indarrean egon beharko luke.
Iraileko politika orokorreko osoko bilkuran, erabakitzeko eskubidearen eta estatus politiko berriaren inguruko erdibidekoa sinatu zuten EH Bilduk eta EAJk. Astebete geroago, Bizkaian Gipuzkoako egoera errepikatu egin zen, bertan ere gauza bera erabaki baitzen. Bi talde politikoen gai honekiko adostasuna ez da berria. Ondorioz, Elduaien batzarkideak hainbatetan adierazi du ekiteko garaia dela: “Gipuzkoan hartu diren neurriak Gasteizko Legebiltzarrera zabaldu behar dira. Bi alderdiok gehiengoa badugu erakunde publiko guztietan, hemen lortu dena lortu behar da, ondoren bidea egiten hasteko”.