Maiatzaren 22an Gipuzkoako kostaldeko udalek (Mutriku, Deba, Zumaia, Getaria, Zarautz, Orio eta Hondarribia) eta Foru Aldundiak hondartzetako zerbitzuen finantziaziorako erdietsi duten akordioa norabide egokian egindako urratsa da EH Bilduren ustez. Hitzarmena sinatzeko ekitaldian Zumaiako alkate Iñaki Ostolazak alkateen izenean adierazi duen moduan,“berri pozgarria da, batez ere udal txikienentzat, eta, hasierako eskaerari bere horretan erantzuten ez bazaio ere, aurrerapauso garrantzitsua da”.
Izan ere, Gipuzkoako kostaldeko udalek urtetan Foru Aldundiari egindako eskaera izan da hondartzen kudeaketa integrala Aldundiak bere gain hartzea. Hondartza denboraldiak ahalegin handia eskatzen die udal hauei, bai ekonomikoa eta baita administratiboa ere, eta Bizkaiko eredua Gipuzkoan ere aplikatzeko eskaera behin eta berriz egin dute udalerri horietako alkateek.
Euskal Herria Bilduren ekimenez, Gipuzkoako Batzar Nagusiek, 2023ko abenduaren osoko bilkuran mandatu bat eman zioten Aldundiari, alegia, “Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain har dezan 25.000 biztanle baino gutxiago dituzten lurraldeko herrietako hondartzen kudeaketa integrala”, beraz, horri erantzutera dator gaurko akordioa.
EH Bilduk zorrotz zainduko du nola gauzatzen den gaur adostutakoa eta ekimena hartuko du Gipuzkoako Aldundiak hondartzen kudeaketa integrala osotasunean bere gain har dezan, izan ere, hondartzetan eskaintzen diren zerbitzuak udalerri horietan bizi diren herritarrek bakarrik ez, gipuzkoar guztiek eta kanpotik datozen pertsonek ere erabiltzen dituzte.
Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 4 milioi euroko inbertsio gehigarria bideratuko du 2025, 2026 eta 2027ko hondartza denboraldietarako.