“Euskal Herria Bilduk aurkeztu duen ekimenari esker, hemendik aurrera, mendekotasuna duten gipuzkoarrek babes handiagoa izango dute, eta hori albiste ona da, azaldu du EH Bilduren Gipuzkoako batzarkide Estitxu Elduaienek.
EH Bilduk egindako proposamen honi esker, eta Gipuzkoako Diputazioak ganbera honen mandatua bere egiten badu, mendekotasunaren balorazioa egiteko itxaron epea murrizteko neurriak hartuko ditu Aldundiak, balorazioa egiteko zain dauden pertsonei lehenagotik errekonozituko zaie laguntza pertsonalerako dirulaguntza jasotzeko eskubidea, eta Diputazioak laguntza pertsonalerako familiei ematen dien diru kopurua igotzea aurreikusiko du urtero.
“Hobekuntza nabarmenak dira, zaurgarritasun egoeran dauden gipuzkoarrei zuzenean eragingo dietenak, eta ondorioz, egun daukagun zaintza sistema hobetzen lagunduko dutenak", Elduaienek adierazi duenez.
Onartutako ebazpenen proposamenean jasotzen den gai bati garrantzia berezia ematen dio EH Bilduk. Hau da, Gipuzkoako Diputazioari eskatu zaio udalekin adostea estrategia bat eta finantziazio bat pertsonen arreta eta zaintzarekin lotutako zerbitzu eta prestazio ekonomiko guztiak hobetzeko, bai eta zaintzaileen laguntza eta baldintzak hobetzeko ere.
“Egungo zaintza sistemaren benetako eraldaketari atea irekitzeko giltza izan daitekeela uste dugu, eta horretarako aukerak ikusten ditugu. Benetan sinesten dugu eztabaida horri heltzeko unea dela, benetan Gipuzkoak zaintzan aitzindari eta abangoardia izan nahi badu behintzat”, esan du EH Bilduko batzarkideak.