AKTUALITATEA


| 2025-05-09 14:14:00

Gipuzkoako kirol-hastapenak berrikuspen bat behar du, 30 urtetik gorako ibilbidearen ondoren indarguneak izan baditu ere, zer hobetu eta zer egokitua ere baduelako. EH Bilduk egungo eskola kirol programan sinesten du, martxan dagoenetik argi eta garbi erakutsi duelako dituen onurak. Baina sendotzeko dago, hobetzeko, eta hori egiteko neurri zehatzak beharrezkoak dira. Hori da ponentzia honetatik EH Bilduk espero duena: egungo Gipuzkoako eskola kirol programa hobetzeko eta sendotzeko neurriak, adituen ahotik, eta ebidentzia zientifiko eta sozialetan oinarrituta.

Kirol-hastapenak ekitatiboa behar du, haurren eskubideak oinarri izanda, haur bakoitzarentzat baliabide, zerbitzu eta onura berdinak bermatuko dituena, bere izaera eta egoera dena delakoa izanda ere. Alegia, kirol-hastapenak haur guztientzat izan behar du tokia, ezberdintasunak eta bazterkeriak alde batera utzita, bai genero ikuspegitik, bai aniztasun funtzionalaren ikuspegitik, bai egoera ekonomikoaren ikuspegitik ere. Gaur egun, hori ez dago guztiz bermatuta, eta doakotasunaren gaiari heldu beharko zaio, besteak beste, edo azpimarra jarri beharko da adin txikikoetan formazio handiko hezitzaileak jartzen, formazioan inbertitu, eta batez ere, horretarako bitartekoak eta baliabideak jarri beharko dira.

 

EH Bilduren ustez, ikastetxeek izan behar dute eskola adineko kirol antolaketaren erdigune, umeen ongizatea holistikoa lehenetsita, heziketa inklusibo eta bateratuaren ikuspegitik. Eskola adineko jarduera fisikoak haurraren garapena, heziketa eta osasuna izan behar ditu helburu, bestelako interes ekonomiko eta lehiakorrak alde batera utzita. Umeentzat onuragarria izan behar du, bai fisikoki, bai psikologikoki, eta baita sozialki ere.

 

Egungo eskola kirol programak sozialki ere baduelako balioa. Komunitatea sortzen laguntzen du egungo Gipuzkoako eskola kirolaren egituraketak: ikastetxe ezberdinak, kirol taldeak, gurasoak eta jatorri, izaera eta biziera anitzeko haurrak biltzen ditu, eta hori balio handikoa da gizarte ikuspegitik, indibidualismoa eta bazterkeriaren arriskua bertan ditugun honetan, balio oso aberatsa. Hiru hamarkada hauetan frogatuta gelditu da eskola kirola eragile ezberdinen elkarlanean egituratu eta lantzen den herrietan komunitatea sendoagoa dela, jarduera fisiko eta kirolaren ikuspegitik harago, eta horrek balio demokratiko handia du.

 

EAEko Jarduera fisiko eta kirolaren azken legeak zehatz mehatz arautzen du kirol-hastapenaren egitura. Gaur egun, Gipuzkoa da lege berriak jasotzen duenera gehien gerturatzen dena, baina oraindik asko dago egiteko, eta horretan ere azpimarra egingo du EH Bilduk.