Gipuzkoako ekonomiaren motor nagusienetako bat enpresa txiki, ertain eta mikroenpresek osatzen dute eta hauek dira beraien ezaugarriengatik transformazio, eraldaketa garai honetan akonpainamendurik handiena behar dutenak, behin eta berriz errepikatzen dutenez.
Euskal Herria Bilduren ustez, “dagokien erakunde guztiek eta ondorioz baita Gipuzkoako Diputazioak ere, parte hartze aktiboa izan behar dute bizi dugun egoeran eta ez genuke mugatu behar Gipuzkoako industria, euskal industria, kanpoko faktoreetatik defendatzera bakarrik. Horrekin batera, politika industrial proaktibo baten aldeko apustua beharrezkoa dela uste dugu, sektorearen indarguneak aprobetxatuz eta ahuleziei aurre eginez merkatu globalean posizio lehiakor batean kokatzeko”, azaldu du Gipuzkoako bozeramaile Maddalen Iriartek Batzar Nagusietako osoko bilkuran.
Hainbat datu aztertuta, azaldu duenez, “beste lurralde edo eskualde batzuekin alderatuta ez dira erabat ezkorrak Gipuzkoan, baina atzeraldi zantzu batzuk ere ageri dira” eta horregatik, beharrezko ikusten du koalizio subiranistak aldez aurreko neurriak hartzea.
Gipuzkoako ehun industriala osatzen duten hainbat eragilerekin aurrez aurre egon ondoren, guztiek errepikatzen duten ideia bat ekarri du gogora Iriartek: “erreakzio baten beharrean gaudela, enpresa, langile, eragile, guztien arteko erreakzio baten beharrean”.
Gaur egungo ziurgabetasun egoerari ere erreferentzia egin dio bozeramaileak.
Trantsizio digitala eta ekologikoa ziren eta dira erronka handienak, enpresari eta langile hauen kezka iturri nagusienetakoak eta sekulako ahalegina egiten ari dira historikoki lurralde honetan egin duten bezala garai berrietara egokitzeko eta punta puntako jarduna bermatzeko prest.
“Trantsizio digitala eta ekologikoa ziren eta dira kezka iturri”, Iriartek azaldu duenez. “Ziurgabetasun egoera bat bazegoen era latentean lehendik ere baina egun batetik bestera, Trump-ek muga-zergekin egindako iragarpenak, atzera eta aurrera guztiak tableroa desenfokatu, desitxuratu egin dute eta horrek sortutako segurtasun falta, horixe bera ere muga-zerga bilakatu da euren esanetan”, zehaztu du.
Egoera hau ez duela baretu astebeteko itzalaldiak ere gogoratu du. “Gipuzkoan galerak ez dira oso handiak izan baina bai jarraipena egiteko modukoak. Nolanahi ere gertatutakoa ezin dugu egun bateko gertakari soilera mugatu, oso argi utzi digulako zehazki energiaren arloan zenbatetarainoko dependentzia dugun”, gehitu du.