AKTUALITATEA


| 2024-09-11 11:00:00

Zelai Amenabarro EH Bilduren ordezkariak Eider Mendoza Ahaldun Nagusia interpelatu du, Irun eta Hondarribian alarde baztertzaileari ere harrera egin ziolako, ekainaren 30ean eta irailaren 8an, hurrenez hurren.

Amenabarrok honela galdetu dio: lehenik, “Behin eta berriro esan duzu konponbidearen alde pausoak emateko prest zaudetela, eta horretarako konpromisoa hartua duzu, baina zer egin konponbide horri ateak ireki zaizkion momentuan eskatzen zaiona betetzeko prest ez dagoenarekin: legitimatzen jarraituko duzu, hari harrera eginez, ala behingoagatik mahai gainean jarriko dira ezinbestean bete beharreko urrats batzuk?; eta bigarrenik, “Aurrera begira zer egiteko prest zaude?

Ikasturtean zehar erakundeen aitortzak izan dira, baina Irunen eta Hondarribian, emakumeek oraindik ezin dutela aske desfilatu alardeetan salatu du Amenabarrok. “Aldundiak berak dio, jai parekideen aldeko gidan, ez dituela ez antolatuko ez babestuko emakumeak baztertzen dituzten ekitaldiak. Ondorioz, urratu egin duzu gida bera”, gehitu du.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak, berriz, honela dio 25. artikuluan:

  • Euskal administrazio publikoek […] behar beste neurri hartu behar dituzte, bai sexuan oinarritutako diskriminazio oro saihesteko, bai sustatzeko emakumeek zein gizonek parte hartzeko aukera eta partaidetza orekatua izatea Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan izaten diren kultura-jarduera guztietan.

  • Debekatu egiten da gune publikoetan emakumeek gizonekiko berdintasunean parte hartzea onartzen ez duten edo oztopatzen duten kultura-jarduerarik antolatzea eta egitea.

  • Euskal administrazio publikoek ezingo dute inolako laguntzarik eman eta haien ordezkariek ezingo dute ordezkari gisa parte hartu sexuan oinarrituta diskriminatzen duen zein emakumeenganako gorrotoa sustatzen duen ezein kultura-jardueratan.

Ondorioz, Ahaldun nagusiak legea bera urratu duela baieztatu du EH Bilduren batzarkideak. Emakundek eta Arartekoak ez diete harrerarik egiten alarde baztertzaileei, giza eskubideak urratzen dituztelako, eta ezin delako halakorik babestu.