Gipuzkoako foru gobernuak ez du legealdiaren hiru urtetan datozen urteetarako oinarri sendorik jarri. Hala ere, oraindik ia ikasturte oso bat aurretik izanda, hori birbideratzeko proposamena egin du EH Bilduk eta politika orokorreko osoko bilkuraren bigarren saioan helburu hori duten hainbat mozio aurkeztu eta onartu ditu.
Legealdiko azken politika orokorreko osoko bilkuraren bigarren saioa egin da gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Espero zitekeen legealdia hasi zenean Eider Mendoza diputatu nagusiak ganbera horretan agindu zituen neurrien betetze mailaren inguruko eztabaidaren bat, aitzitik ez da halakorik izan. Are gehiago, bi gobernukideek aurkeztu dituzten moziorik gehienek orain arte egiten ari dena egiten jarraitzea proposatu dute, edota are okerrago, dagoeneko egina behar zuen hori berriz egin dadin proposatu dute.
EH Bilduren ustez, urrun dago hori herrialdeak eta gipuzkoarrek merezi dutenetik. Eta horregatik ezkerreko subiraniston taldeak aurkeztu dituen mozioek herritarren ongizatea hobetzea izan dute helburu. Ildo horretan, gure lurraldean egin beharreko politikak gure herrian bertan eta guk geuk kudeatuta izan behar direla konbentzituta, estatusari eta hizkuntzari lotutako mozioak aurkeztu ditu, lehena EAJrekin eta bigarrena EAJrekin eta baita PSErekin ere erdibidetuta.
Gero eta gehiago zahartzen ari den gizarteari tamainako erantzuna eman behar zaio politika publikoen bitartez. Arlo horretan, hainbat elementu gurutzatzen ari dira gaur egun, erabiltzaileen zerbitzua hobetzeko beharra, batetik, eta sektoreko langileen lan baldintzak duintzea, bestetik. Hori horrela, Elkarrekin Gipuzkoarekin mozio bat adostu du EH Bilduk, adinekoen egoitza eta eguneko zentroetako ratioak igotzeko (pertsona bakoitzari eskaintzen zaion denbora eta dedikazioa hobetzeko) eta lan hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko.
Fiskalitatearen inguruko mozioa ere babestu du, EH Bilduk ganbera honetan fiskalitatearen inguruan defendatu dituen ekimen guztiekin babestu duena ekartzen duelako. Baina, EH Bilduren batzarkide Estitxu Elduaienek hitzartzean azaldu duenez, “atentzioa ematen du nork eta Elkarrekin Gipuzkoak aurkeztu izana mozio hori, EAJ eta PSEren zerga erreforma bideratu zuen taldeak, hain justu. Azken zerga erreforma aukera galdu bat izan zen, izan ere, ez ziren kapital etekinak lan-etekinen zergapetzera hurbildu; ez zen sozietate zergaren diru bilketa handitzeko neurririk hartu; eta errenta baxuenen zerga karga murriztu bazen ere, urtero 20.000 eurotik behera irabazten dituzten herritarrak gainontzeko gipuzkoarrek jasotzen dituzten kenkari eta dirulaguntzetatik kanpo utzi zenituzten”, esan du.
Elduaienek gogora ekarri du, joan den astean Maddalen Iriarte EH Bilduren bozeramaileak esandakoa, alegia, gobernu honek ez duela datozen urteetarako oinarri sendorik jarri. Hala ere, “oraindik ia ikasturte oso bat dugu aurretik, eta gaur onartu ditugun hainbat moziok hori dute helburu”.
Baikor bukatu nahi izan du hitzartzea EH Bilduren batzarkideak, honela: “Gaur hainbat gauza erabaki ditu ganbera honek. Aitortu diezaiogun bere funtzioa, eta funtzional izan dadila. Herritarrek emandako mandatuak bete ditzagun, entzun eta jaso ditzagun eragileek eta herritarrek eskatzen digutena eta neurriak hartu: horretarako gaude hemen”, esan du.
Eskaera eta eskaintza ere egin dio gobernuari: “Baliatu datozen hilabeteak Batzar Nagusi hauek emandako mandatuak betetzeko. Hori horrela bada, EH Bildu hor egongo da”, borobildu du.