AKTUALITATEA


| 2026-09-07 13:04:00

2011. urtean Foru Aldundiak egindako proiektua berrikusi eta berriz ere martxan jartzea eskatu du EH Bilduk. Portutik GI-20ra sarbide zuzena egin eta Gomistegiko biribilgunea, ainguraren eskultura duena, saihestea da proiektuaren helburua. EH Bilduren ustez hau da irtenbiderik aurreratuena elkarbizitzarako, hiri-integraziorako eta biztanleen segurtasunerako. Herritarren eguneroko bizitza eta portu jarduera uztartzea posible da, eta orain da unea horretarako urratsak emateko.


Pasaiako Portua Gipuzkoako motor ekonomiko handienetako bat da, baina urteetan zehar ingurunea aritifizializatu duen azpiegitura ere bada. Merkantzien garraioa aldatu den arren, arazo nagusia mantendu egin da: kamioiek herriguneak zeharkatzen jarraitzen dute. Lezo eta Trintxerpe-San Pedroko kaleetatik sartu eta irteten dira, herritarren egunerokoa kolapsatuz. Altamira, GI-636 eta Gomistegiko biribilgunea horren adibide garbiak dira.


Portu Agintaritzak harrerako garita mugitu duenetik arazoa areagotu besterik ez da egin, bereziki Trintxerpe eta San Pedron. Herritarrek zuten pasabidea itxi dute, haien joan-etorriak kale bakarrera mugatuz, eta Gomistegiko biribilgunean kamioiek eragindako auto-pilaketak handituz. “Hau ez da arazo logistiko hutsa; osasun publiko, bide-segurtasun eta hiri-antolaketari dagokion arazo larria da. Are gehiago, Pasaiako portuko trafikoaren % 94a kamioien bidez egiten denean” adierazi du Oskar Bordes EH Bilduren batzarkideak.


Badago alternatiba. 2011. urtean, Foru Aldundiak egindako proiektu bat, portutik GI-20ra sarbide zuzena aurreikusten duena. Aduana plaza azpian dauden pabiloiak tunel gisa erabiliz eta Gomistegiko biribilgunea saihesten duena. “Aldundiak proiektu hura eguneratzeko prozesua gehienez 6 hilabeteetan abiatu dezala eskatzen dugu. Tunel faltsuen bidez trafiko astuna lurpetik pasa eta Aduana kalean, Carbonesen, jarri duten garita kentzearekin batera”, adierazi du Bordesek.