AKTUALITATEA


| 2026-05-20 10:48:00

EH Bilduk orain hamar urte proposatu zuen turismo zerga, eta azkenean errealitate izango da. Gaur, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun batzordean foru arauari bide eman zaio, eta EH Bildu pozik dago horregatik. Hala ere, elkarlanaren eta akordioaren bidean sakontzea espero du; ezker subiranista horretan dago eta hala egongo da alkatetzetan, praktikan horiek ezarri beharko dutelako zerga.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun batzordean turismo zergaren foru araua eztabaidatu eta onartu da, ekainaren 10eko osoko bilkuran berresteko. Aurkeztutako proposamena oro har egoki ikusten zuen Euskal Herria Bilduk; horri aurkeztutako zuzenketek eta Podemosek aurkeztutakoek norabide bera zuten, eta, beraz, alde bozkatu du.

Haritz Perez EH Bilduren batzarkideak azaldu duenez, hamar urte dira EH Bilduk turismo zergaren beharra mahai gainean jarri zuela. “Denbora behar izan da, baina azkenean iritsi da”, esan du.

“Gaur eztabaidatzen ari garen turismo zergaren foru arauak oinarri zuzen bat du: turismo jarduerak gure herri eta hirietan sortzen dituen kostu sozial, urbanistiko eta ingurumenekoei erantzun bat ematea. Zentzu horretan, EH Bilduk argi dauka egonaldi turistikoen gaineko zerga beharrezkoa dela, eta bat egiten du haren helburuarekin: turismoaren ondorioak konpentsatzea eta udalerriei tresnak ematea presio horri aurre egiteko”.

Baina berandu datorrela ere esan du Perezek. Izan ere, azken urteotan turismoaren hazkundea handia izan da Gipuzkoako hainbat udalerritan, eta udalek aspalditik eskatu dute egoera horri aurre egiteko tresna fiskal egoki bat. Horregatik aurkeztu zizkion EH Bilduk zuzenketak arauari, hori hobetzeko xedez, udalen eta sektorearen beharrei erantzun hobea emateko eta etxebizitzaren auzia erdigunean jartzeko.

Hain zuzen ere, zuzenketetan etxebizitzaren auzia jarri nahi zen erdigunean. Etxebizitza turistikoek gehienezko zerga izatea, eta hala izango da. Perezek azaldu duenez, gaur egun bizi dugun etxebizitza krisi larrian ezin dira turismo politikak eta etxebizitza politikak bereizita ulertu. “Etxebizitza turistikoen hazkundeak eragin zuzena dauka merkatuan: alokairu eskaintza murrizten du, eta prezioak garestitzen ditu”.

Zoritxarrez, foru arau honek ez ditu behar bezala jasoko udal eta establezimendu txikienen beharrak. Turismo zergaren aplikazioak karga administratiboa dakar, eta zerga berri honek lan gehigarria sortuko die bai udalei bai ostatu establezimenduei, eta bereziki eragingo die baliabide gutxien dutenei. Ostatu establezimenduek jada bidaltzen dituzte bezeroen datuak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailera; beraz, administrazioen artean koordinatzea eta datuak partekatzea ezinbestekoa da kudeaketa sinplifikatzeko eta bikoiztasunak saihesteko. Ildo horretan, Perezek azaldu du: “EH Bilduren proposamena arauan txertatuko ez bada ere, euskal administrazioen artean hitzarmen bat egitea defendatzen jarraituko dugu, posiblea delako herritarrei, ostatuei eta udalei lana erraztea. Ahulenak babesteko aukera bat galdu da gaur”.