Donostia eta EHUko Leioako campusa lotuko dituen autobus publikoko linea pilotu bat martxan jartzea eskatu du EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran, ikasleek egindako eskaerari erantzuteko xedearekin. Aitzitik, ekainaren 10ean egindako osoko bilkuran eperik gabe atzeratzea erabaki dute.
Gaur egun, ikasle askok joan-etorri luzeak egin behar izaten dituzte egunero; ordutegiak desegokiak dira, zerbitzua garestia da, eta loturak desegokiak dira. Eta horrek zuzenean baldintzatzen du unibertsitate publikorako benetako sarbidea. Hori da Gipuzkoatik Leioako EHUko campusera doazen ehunka ikasleen errealitatea.
Gainera, ez gara garraioaz bakarrik ari. Besteak beste, aukera-berdintasunaz ari gara, mugikortasun jasangarriaz ari gara, trafikoa eta kutsadura murrizteaz ari gara eta gazteek beren herrian bizitzen jarraitzeko aukerez ari gara, EH Bilduren bozeramaile Maddalen Iriartek azaldu duenez. Gainera, “zerbitzu hori ematea posible” dela baieztatu du Iriartek. Eta, ildo horretan, “zerbitzu hau martxan jarriko da. Galdera da nork eta noiz egingo duen”, esan du.
Errepideko Bidaiari Garraioaren 4/2004 Legeak berak jasotzen du erabilera orokorreko linea publiko erregularrak sortzeko aukera. Hau da, edozeinek erabil ditzakeen autobus publikoak. Eta aurrekariak badaudela ekarri du gogora. Loiuko aireporturako zerbitzua, esaterako. Aldundiak legearen irakurketa “tranpatia” ere egiten duela ere esan du Iriartek.
Bizkaian, adibidez, badira EHUko Leioako campusa hainbat herrirekin lotzen duten autobus publikoak. “Beraz, Bizkaian posible bada, zergatik ez Gipuzkoan?”, galdetu du Iriartek. Eta gogoratu du duela bi urte Batzar Nagusietan onartutako mozio batean aldundiak konpromisoa hartu zuela aukera hori aztertzeko.
Ezker subiranistak aldarrikatu du Donostia eta Leioa lotuko dituen autobus publikoko linea pilotu bat, beranduenez datorren urtarrila amaitu baino lehen. “Gipuzkoako gazteek merezi dutelako. Eta mugikortasun publiko, jasangarri eta bidezko baten alde egiten dugulako”, bozeramailearen hitzetan.
Ikasleei eta langileei klasera edo lanera joateko autobusa eurek kudeatzeko eskatzea ez da irtenbidea, EH Bilduren iritziz. Iriartek azaldu duenez, “babak eltzetik” aldundiak berak atera behar lituzke.