AKTUALITATEA


| 2026-07-15 14:03:00

Bidasoa eskualdeko mugikortasun arazoari irtenbide eraginkor eta iraunkor bat eman behar zaio. Irunen GI-636 errepiderako Gipuzkoako Foru Aldundiak egin duen proiektua aztertuta, alegazioa aurkeztu dio EH Bilduk, egoerari irtenbide eraginkorra emateko xedez. Hori azter dezan eskatu dio aldundiari. Irunen egindako agerraldi batean aurkeztu dute Irungo bozeramaile Oihana Brionesek, Hondarribiko Garoa Lekuonak eta Gipuzkoako batzarkide Oskar Bordesek Irunen egin duten agerraldian.

Urte luzez, egunean milaka auto jasaten dituen bide azpiegitura honen arduradunek ez dute GI-636 errepideko trafiko arazoari benetako irtenbidea emateko erabakirik hartu. Oihana Briones EH Bilduren Irungo bozeramaileak adierazi duenez, “egungo egoera jasangaitza da; auto ilarak, pilaketak eta mugikortasun-arazoak ohiko bihurtu dira”.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Bidasoaldeko errepideetako trafikoa bideratzeko bi errotonda aurreikusten ditu: bat GI-636 ardatzean eta bestea N-638 ardatzean, biak paduraren gainean eraikiko litzatekeen lotura-errepide baten bidez konektatuta. EH Bilduk alegazioa aurkeztu dio proposamen horri, agerraldian aurkeztu duena.

Hondarribiko EH Bilduko bozeramaile Garoa Lekuonak azaldu duenez, Foru Aldundiaren proposamena aztertuta, “egungo egoera iraultzeko nahikoa ez dela ondorioztatu dugu. Trafiko nagusia eten eta moteldu egiten baitu, errepidearen ahalmen operatiboa murriztu eta pilaketak areagotzeko arriskua handituz, bereziki fluxu handiko orduetan”, adierazi du.

Aldunditik egin den proposamenak, “Bidasoaldeko trafiko-fluxu nagusia den GI 636 errepidea ez du lotura-mugimenduetatik behar bezala bereizten, eta EH Bildutik horrek gaur egungo arazoak mantendu edo areagotzeko arriskua dakarrela uste dugu”, gaineratu du Lekuonak.

EH Bilduk, azken hilabeteetan, eskualdeak duen erronka nagusietako bati aurre egiteko helburua duen Bidasoa Eskualdeko Mugikortasunerako Plan Integrala landu du. Plan horretan, besteak beste, GI-636 eta N-638 errepideen arteko lotura gunean alturazko errotonda bakar bat eraikitzea jasotzen da. Honek trafiko nagusiaren jariokotasuna bermatzen du, fluxu nagusia eta lotura-mugimenduak maila desberdinetan bereizita.

Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiari aurkeztutako alegazioak “aintzat hartu eta gure proposamenaren abantailak aztertzea eskatzen diogu. Helburua ez baita lotura berri bat egitea soilik, helburua Bidasoako eskualdeko mugikortasun-arazoari behingoz irtenbidea ematea da”, azaldu du EH Bilduren Gipuzkoako batzarkide Oskar Bordesek.