Badira aste batzuk Espainia, Portugal, Italia, Alemania eta Austriako gobernuek eskaera egin ziotela Europako Batasunari enpresa energetikoen ezohiko etekinen gaineko zerga ezar dezan, Irango Gerrak sortutako testuinguruan enpresek zein herritarrek krisiaren ondorioei eusteko egin beharko duten esfortzu ekonomikoa leuntze aldera. Ildo horretan, EH Bilduk enpresa energetikoen ezohiko etekinen gaineko zerga berrezartzea eskatuko du Gipuzkoako Batzar Nagusietan.
Enpresa energetikoen ezohiko etekinen gaineko zerga ez da berria, izan ere, 2022an Ukrainako gerraren testuinguruan eta haren ondorioei aurre egiteko ezarri zen. Orduan, gasaren prezioa asko garestitu zen eta inflazioaren igoera eragin zuen. Enpresa energetikoek, aldiz, irabaziak biderkatu zituzten. Testuinguru horretan enpresa horiei ezohiko etekinen gaineko zerga ezarri zitzaien aldi baterako. Bi urtez egon zen indarrean.
Egoera errepikatzen ari da orain: Irango gerrak sortutako krisia enpresak eta herritarrak ordaintzen ari dira. Eta orain arte hartu diren neurri garrantzitsuak, esaterako, erregaien prezioa merkatzea BEZaren jaitsieraren bitartez, ekarri du deskontu horren heren bat enpresa energetikoen poltsikoetara joatea. Enpresa energetiko horiek berriro ere biderkatu egin dituzte euren irabaziak. Datu ofizialen arabera, 2026ko lehen hiruhilekoan % 80 hazi dira Europako bost petrolio enpresa handien irabaziak eta, zehazki, Repsolek % 154 hazi ditu bere irabazi garbiak.
EH Bilduren ustez egoera ezin da errepikatu eta neurriak hartu behar dira herritar gehienen eta enpresen interesak defendatzeko. Beraz, hilaren 10ean Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran aurkeztuko den ekimenaren helburua da, berriro ere ezkutu soziala delakoa aktibatzearekin batera, ezohiko etekin horiek egoki zergapetzea, enpresa energetikoen jokabide ekonomikoa mugatzeko, eta horien interesen gainetik gizarte osoaren ongizatea aintzat hartzea. Funtsean, sistema fiskal justuagoa eta instituzio guztien finantza nahikotasuna bermatu nahi da eta horretarako ezohiko etekin horiek zergapetzea da bide horretan egin beharreko lehen urratsa.