AKTUALITATEA


| 2026-07-13 13:39:00

Gipuzkoako Mugikortasun diputatuak alde bakarrez hartu duen Lurraldebuseko autobusen gaueko tarifa kentzeko erabakiaren inguruan hainbat ohar egiteko agerraldia egin du EH Bilduk. Oskar Bordes batzarkidearekin batera Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzan parte hartzen duten Andoain, Arrasate, Errenteria, Hernani, Oiartzun, Oñati eta Tolosako kideak egon dira. Bordesek Diputatu Nagusi Eider Mendozari bere taldearen desgobernantzaren aurrean neurriak hartuko dituen galdetu dio.

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza da herrialdeko garraioetako tarifak zehazteko lekua. Instituzio artekoa da, eta hark bermatzen du, besteak beste, Gipuzkoan garraio publikoa erabiltzen duten herritarren arteko berdintasun printzipioa errespetatzen dela. EH Bilduk garbi du garraio publikoetako tarifa sistema bateratua izugarrizko aurrerapausoa izan zela eta gaur egun garraio publikoak milaka erabiltzaile izatearen arrazoietako bat dela hau. Zentzu horretan, ez dugu ulertzen nola den posible Gipuzkoako Foru Aldundiak gaueko tarifa kentzea horretarako dagoen marko instituzionalean, eta zerbitzua ematen duten beste instituzioetako ordezkariekin kontrastatu gabe. Eta harmonizazio eza sortuz. Hor dago gakoa.

EH Bilduren ustez, garraio publikoaren erabilera sustatzeko eta herritarrei zerbitzua hobetzeko neurriak beharrezkoak dira, eta horretan lan egiteko prest dago, orain arte bezala. “Eta herritarrak laguntzeko neurrien alde gaude, beti. Hori bai, ez gaude denbora galtzeko, eta hortaz, Mugikortasun diputatu Azahara Dominguezek kasu honetan bezala horretarako markoa gutxietsi eta alde bakarrez funtzionatzeko erabakiari eusten badio, ikusiko dugu ze bide hartu”, esan du Bordesek.

Izan ere, “larria iruditzen zaigu horrela funtzionatzea. Are gehiago, hedabideen bidez erabaki hori ezagutu ondoren, bertako hainbat ordezkarik, hemen daudenak, bilera egiteko eskaera egin diote eta eskaera horri muzin egin dio Dominguez diputatuak”, deitoratu du Bordesek. Errespetu instituzionalik ez duela erakutsi, eta ez dela lehen aldia ere esan du batzarkideak. Are gehiago, Mugikortasun Sailak legealdi honetan egiteko nagusia zuen autobus zerbitzuen lizitazioak berritzea eta zerbitzuak hobetzea, eta hori ez da egiten ari. “Inprobisazioz, tiritak jartzen ari da eta kaosa eragiten ari da”, gehitu du.

EH Bilduren batzarkideak Ahaldun Nagusi Eider Mendozari galdetu dio bere taldea erakusten ari den desgobernantzaren aurrean neurririk hartzeko asmoa baduen, alegia.