Ezker subiranistak bere lehentasunak argi ditu; zaintza, mugikortasuna eta enpresa txiki zein ertainen sustapena, besteak beste.
Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztutako 2026ko aurrekontuetan lehentasuntzat hartutako ardatzak ontzat jotzen ditu EH Bilduk.
Batetik, zaintzara bideratutako aurrekontuaren igoera begi onez ikusten du koalizio abertzaleak. Hala ere, ezinbestekoa izango da horren inguruko letra txikia ezagutzea, eta besteak beste ikustea ea zaintza zerbitzuetatik irabazi asmoa desagertzen den edota lurralde oreka zaintzen den...
EH Bilduk kezkaz hartu du, bestalde, ziurgabetasun ekonomikoaren eta garai ilunen etorreraren inguruan hitz egiten den bitartean, Ekonomia, sustapena eta proiektu estrategikoetara bideratutako partidak jaistea.
Era berean, Diputatu Nagusiari aurrez aurre esandakoa berresten du EH Bilduk; aurrekontu proiektua aurkeztu aurreko fasean parte hartzeko borondatea izan duela koalizio abertzaleak, urteko politikak norabidetzeko ezinbesteko tresna delako aurrekontua. Momentu honetan ohiko prozeduran sartuta, EH Bilduk arduraz jardungo du eta beraz, bihar Diputatu Nagusiak ezarritako hitzorduan parte hartuko du.
Hitzordu horretan, aurrekontu proiektuaren letra txikia ezagutzea espero du EH Bilduk, eta ikustea zein norabidetan eraman nahi duen aldundiak gaur aurkeztutako aurrekontua. Ezker subiranistak bere lehentasunak argi ditu; zaintza, mugikortasuna eta enpresa txiki zein ertainen sustapena, besteak beste.
Behin bilera horretan informazioa jaso ostean, dagozkion ekarpenak egingo ditu EH Bilduk, eta hala dagokionean gizarteratuko ditu.