Ezker subiranistak hiru lehentasunetan egingo du azpimarra; zaintza zerbitzuen unibertsaltasunean, enpresa txiki eta ertainen akonpainamenduan, eta euskararen biziberritzean.
EH Bildu prest dago Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztutako 2026rako aurrekontu proiektuari ekarpen arduratsu eta eraikitzailea egiteko. Hala ere, ezer baino lehen, foru gobernuak argitu beharko luke norekin eta zein gehiengorekin egin nahi duen bidea. Ez baita gauza bera EH Bilduren eskutik lurralde honetako herritarren gehiengoa ordezkatuko dituzten urratsak ematea, edo eskuin muturra hauspotzen duen eta, besteak beste, klima aldaketa ukatzen duen PPrekin akordioetara iristea.
EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaile Maddalen Iriartek adierazi duenez, aurrekontuen negoziazioak jauzi kualitatiboa behar du, zenbakien arteko ariketa soiletik harago, eta inolako inozentzia politikorik gabe. Eta argitu du ikuspegi estrategiko horretatik aurkeztuko duela EH Bilduk aurrekontuak hobetzeko bere proposamena.
EH Bilduren Gipuzkoako Politika Instituzionaleko arduradun Zelai Amenabarrok, proposamen horrek jasotzen dituen hiru lehentasun nagusi zehaztu ditu:
1. Zaintza: zaintza-sistema publiko, duin eta bidezkoa eraikitzea. Horretarako, herritarrek zaintza zerbitzuengatik ordaintzen dutena murriztea eta unibertsaltasunerantz bidea egitea proposatzen du EH Bilduk, baita menpekotasuneko balorazioak azkartzea ere.
Funtsezkoa da, era berean, egoitzetako eta, oro har, zaintza zerbitzuetako irabazi asmoa ezabatzea eta azpikontratazioa mugatzea, zaintzaileen lan-baldintzak homologatzeko eta duintzeko.
2. Enpresa txiki eta ertainak: laguntza eta akonpainamendu publikoa eman behar zaie lurraldeko ehun ekonomikoa osatzen duten enpresa txiki, ertain eta autonomoei, bereziki ziurgabetasun testuinguru honetan, eta trantsizio energetiko betean.
3. Euskara: haur eta gazteen aisialdian euskararen erabilera indartzeko Herri Hezitzaileak proiektua lurralde osora zabaltzea proposatzen du EH Bilduk, baita harrera protokolo bateratuak garatzea ere, euskara harrera-hizkuntza gisa sendotzeko.
Laburbilduz, EH Bilduren proposamenaren ardatza da zaintza duintzea eta Gipuzkoa bidezkoago bat eraikitzea, besteak beste, enpresa txikiak eta euskara ardatz estrategiko gisa hartuta.
Bide hori egin nahi duen, eta etorkizunerako bide-orria norekin egin nahi duen hori argitu behar dute EAJk eta PSEk. Eta EH Bildurekin gauzak beste era batera egitea erabakitzen badute, lurralde honen gehiengo zabal baten nahia aintzat hartuta, EH Bilduk zintzotasunez eta erantzukizunez helduko dio negoziazioaren erronkari.