Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarritako Enplegu Publikorako Eskaintzan hizkuntza-eskakizunen derrigortasuna atzeratu izanak erakusten du berandu baino lehen hizkuntza eskakizunen babes juridikoa bermatu beharra dagoela, eta horretarako bide eman behar zaiola EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean Enplegu Publikorako Legea aldatzeko egindako proposamenari.
Hizkuntza eskakizunen aurkako oldarraldi juridikoak, euskararen aurrerabidea ez ezik, erakundeen jarduna bera ere blokeatuta dauka erabat. Agerian gelditu da hori Gipuzkoako Foru Aldundiak azken orduotan iragarritako EPE-an, hizkuntza-eskakizunen derrigortasuna atzeratu izanak. Horrek erakusten du ezinbestean bide eman behar zaiola EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean Enplegu Publikorako Legea aldatzeko egindako proposamenari, hizkuntza eskakizunen segurtasun juridikoa bermatuta egon dadin. Bide berean, EH Bilduk eskua luzatzen die neurriko proposamenekin lan egin nahi duten gainontzeko erakundeei, tartean Gipuzkoako Foru Aldundiari berari ere. Koalizio subiranistak uste du ordua iritsi dela egoerari elkarrekin erantzuteko, eta formula posibleak elkarlanean ehuntzeko.
EH Bilduk berresten du, hizkuntza eskakizunetan atzera ez, aurrera egin beharra dagoela, herritarrei euskara ikasteko erraztasunak emanda eta euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatuta.