Gipuzkoa Merkatariak federazioaren ordezkarien agerraldi izan da, gaur, Batzar Nagusietan, EH Bilduren ekimenez. Merkatariek bizi duten egoeraren, Batzar Nagusiei eskatzen dietenaren eta dituzten proposamenen inguruan aritu da, Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Batzordean.
Tokiko merkataritzak bizi duen egoera larria salatuz hasi du hitzartzea federazioko lehendakariak. Aitor Irure EH Bilduren batzarkideak esan bezala, agerian gelditu da tokiko merkataritzaren egoera geroz eta larriagoa dela. “Une honetan pil-pilean dugun gaia da, egunerokotasun handikoa, komunikabide guztietan mintzagai, eta ia beti norabide berdineko berriekin, hau da, sektorearen gainbehera adierazten duten adierazleekin: egungo egokitzapenerako gaitasun ezak, jarraipena (erreleboa) izateko arazoak, alokairuen garestitzeak eta abar”, adierazi du Irurek. Aipatutakoak ondorio kezkagarriak ditu: Gipuzkoan, komertzioen % 10a itxi egin dira azken 5 urteetan.
Bukatzeko, Aitor Irurek belaunaldi berrietara gerturatzeko proposamena egin du: “Hezkuntzaren bitartez, guraso elkarte eta ikasleekin landu liteke zein garrantzitsua den tokiko merkatariei erostea”.