Ezegonkortasun orokorraren aurrean, herritarrak hobeto eta babestuago bizitzeko politika publiko ausartak egiteko garaia da
Gipuzkoako aurrekontuen harira, Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza batzordean 2025eko aurrekontuari aurkeztutako zuzenketa partzialak aurkeztu dituzte taldeek eta ondoren bozketa egin da.
2025eko aurrekontuak ezkerrekoak izateko aukera zegoen, Batzar Nagusietako ordezkaritzaren gehiengoa hala delako. Hala ere, Foru gobernuak PPrekin bat egin duenean, aukera hori bertan behera gelditu da. Haritz Perez EH Bilduren batzarkideak adierazi bezala, herritarrek aldaketa bozkatu eta ezkerreko gobernua osatzeko mandatua eman zuten, baina, “zoritxarrez”, PPrekin bat eginda, premiazkoak diren aldaketak atzeratu egingo dira. “Agerikoa da Foru gobernu honek bazuela ezkerrera begiratzeko aukera garbia eta uko egin diola PPrekin aurrekontu akordio bat izenpetzeko, zertaz eta migrazioaz PPri zentralitatea emateko, besteak beste”, gehitu du Perezek.
EH Bilduren ustez, borondatea da beste behin ere eztabaidaren erdigunean dagoena, Nafarroan, Araban eta Bizkaian EH Bildu akordioetara iritsi izana horren erakusle. “Uste dugu hiru herrialdeetan estrategikoak diren erronka partekatuak badirela, gure errealitate instituzionala kontuan hartuz, baina berau aitzaki gisa erabili gabe ekin beharko geniekenak. Etxebizitza, zaintza eta trantsizio ekosoziala. Herri ikuspegiz lantzeko aurrekontu hauek hiru Foru Aldundi eta Eusko Jaurlaritzaren artean, euskal administrazioak elkarlanean.”, dio Perezek.
“Gipuzkoarako proposamen zehatza landu genuen ere, 56 milioi eurotan zentratuz gure ekimenak, lehenetsiz momentu honetan gipuzkoarrek eskatzen digutena eta aintzat hartuz zuen aurrekontu proiektuan ikusten genituen gabeziak”, azaldu du batzarkideak.
Aipatutakoa oinarri hartuta, ondorengoak dira talde subiranoak proposatu eta bozkatuko diren gai nagusiak:
Zaintzari dagokionean, herritarrek zaintza zerbitzuengatik ordaintzen duten kopurua murrizteko 7M, mendekotasun balorazioetarako itxaron zerrenda murrizketa 4M eta etxez etxeko laguntzara bideratzen den inbertsio publikoa handitzeko 8M.
Doako zaintza sistema publiko komunitario bateranzko urratsak izango lirateke EH Bilduk proposatzen duena, osasunean edo hezkuntzan dagoen bezala.
Euskararen alorrean ere EH Bilduk ekarpena egin nahi izan du. “Azken urteotako datu soziolinguistikoek erakusten duten errealitatearen aurrean, normalizaziorako jauzia egitea ere jarri dugu mahai gainean, Gipuzkoan badaude baldintza abangoardiako hizkuntza-politikak egiteko, hala nola, haur eta nerabeen euskarazko aisialdia bermatzea edota arnasguneak indartzeko”, argudiatu du.
Koalizioak deliberazio prozesuak proposatu ditu, trantsizio eko-soziala herritarren eskutik egin behar delako. Eta zentzu berean proposatu du eraldaketa bulego komunitarioak eskualde guztietara zabaltzea.
Mugikortasunari dagokionez, indarrean dauden deskontuei eustea da proposatzen dena, Madrilen gertatuko denaren morroi izan gabe, Batzar Nagusi hauetan onartutakoaren bidetik.
Tokiko merkataritzarentzat, ekonomia sozialarentzat, ikerketa eta garapenarentzat, elikadura burujabetzarentzat eta abarrentzat. izan dira, beste hainbaten artean, EH Bilduren proposamenak.
Bukatzeko eta esandakoak laburbilduz, Haritz Perez batzarkideak esan du gobernuaren lehentasuna eta borondatea beste bat zela. “EH Bilduk Eusko Jaurlaritza eta hiru Foru Aldundien inguruan egin zion proposamenari ez zenioten erantzun eta Gipuzkoarako proposamen zehatzei alderdi guztientzako dokumentu batekin erantzun zenioten, proposamen bera PP, Podemos zein EH Bildurentzat”.