Herrialdean dauden bi suhiltzaile zerbitzuen bateratze operazionala gauzatu dadin aurkeztu du proposamena EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Horrekin Gipuzkoako lurralde osoa ekintza eremu bakartzat hartuko litzateke, eta ahalbidetuko litzateke bi suhiltzaile zerbitzuek sarean eta modu automatikoan erantzutea larrialdiei, eremu guztian.
Egungo administrazioen eremu zatiketa gaindituz, sor daitezkeen larrialdiei azkar, modu eraginkorrean eta dauden bitarteko egokienekin erantzuteko modua garatuko litzateke horrela, eta, hortaz, herritarrei erantzun denbora azkarragoa eskainiko litzaieke, larrialdiaren eremua zein administraziopean dagoen kontuan izan gabe.
Larrialdiei erantzuteko herritarren babeserako onuragarria eta eraginkorra den neurri bat da. Gainera, Jon Martin batzarkideak azaldu duenez, “Foru Aldundiak 2018an onartu zuen neurri baten inguruan ari gara, eta, horregatik, ulergaitza egiten zaigu bateratze operazionala oraindik gauzatu ez izana edota norabide horretan erabaki eraginkorrik hartu ez izana azken zazpi urte luze hauetan”.
Ulergaitza da bateratze hori egiteko borondaterik ez izatea. Irun eta Hendaiako parke-etxeetako suhiltzaileen artean, atzeratu bada ere, gauzatzear dago bateratze hori. Teknikoki egingarria da. Ez ordea, dirudienez, Donostia eta Gipuzkoako suhiltzaileena. Arduragabekeria da Aldundiarena.
Etorkizunean herrialdean suhiltzaile zerbitzu sendo eta eraginkor bat izateko planifikazioak berebiziko garrantzia dauka. Beharko ditugun azpiegitura eta baliabide berriak aurreikusi, planifikatu eta inplementatzeko, bateratze operazionala gauzatzea beharrezko elementua da EH Bilduren ustez. Klima larrialdia aintzat hartuta eta pasa berri den udan izan diren hainbat sute handik agerian utzi dutenez, esaterako, Zarrakaztelun gertatutakoak, ahalik eta azkarren gai honetan neurri eraginkorrak hartzea eskatzen du.