AKTUALITATEA


| 2024-04-18 13:35:00

Nerea Kortajarena EAEko hauteskundeetarako Gipuzkoako zerrendaburuak agerraldia egin du gaur Donostiako ospitalean,  Osakidetzaren egoeraren irakurketa egiteko.


Hasteko, Osakidetzaren alde aritu diren langile eta eragileei aitortza egin die Kortajarenak: “Langile sanitarioak eta sanitarioak ez direnak, eta Osasun Sistema Publikoaren defentsan mobilizazio desberdinen aritu diren sindikatu, herritarren plataforma, elkarte, eragile eta herritar guztientzat gure aitortza; benetan zoriontzekoa eta txalotzekoa da egindako lana eta izandako eskuzabaltasuna”.


Izan ere, Gipuzkoako herrietan zein hirigunetako auzo desberdinetan ikusi da, orain arte hamarkadetan ezagututako osasun zerbitzuak murrizten ari direla. “Hainbat herrietan kontsultategian medikuaren ordutegia murriztu da, edota medikua herrira joaten diren egunak murriztu dira. Beste
batzuetan, hilabeteetan mediku gabe egon dira, eta mediku gabe geratzeko arriskua daukate. Hainbat eta hainbat osasun etxe eta kontsultategietan, ez dira medikuen ordezkapenak betetzen, edota mediku gutxiagorekin aurkitzen dira. Adibide asko eta oso aldakorra dugu Osakidetzako osasun etxe eta baita ospitaletan ere”, aipatu du zerrendaburuak.


Adibide ugari aipatu ditu, Osakidetzaren egoeraren erakusgarri: Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuak barne biltzen dituen Etenik Gabeko Arreta Gune guztietan egoera oso konplikatua bilakatu da: Zarautz, Donostian, Oreretan; herri txiki zein ertainetan mediku ordutegien murrizketak edota mediku gabeko aste eta hilabeteak, adibidez Ataunen; Bidasoaldeko ESI-aren egoera bai Irungo lehen arreta zein ospitaleko egoeragatik; eskualdetako ospitaletan espezialitate desberdinetan egon diren murrizketa eta hustuketagatik, kasu Debagoienan edota Debabarrenan; Tolosaldeko eskualdean urteetan indarrean egon den pribatizazioaren laborategiaren ondorioz, izandako osasun arretaren
gainbehera. Eta Donostia ospitalean ere gogora ekarri behar da bertako Zuzendaritzak aurre egin behar izan ziola Osasun Sailak hartutako erabakiei. Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sarearen kontzertazio maila handiaz eta oraindik ere zerbitzu zorro publikoaren gabezia handiak ere
aipatzekoak dira; edota Emergentziak ESI-ak dituen premiak Gipuzkoan ere.


“Eta orain zur eta lur ikusten ari gara nola, hauteskundeak daudelako, Osakidetzeren gainbeheraren errudunak, Osakidetzaren langileen iritzia eta aldarrikapenak mespretxatu dituztenak, esaten ari diren Osakidetza denon artean, langileekin batera, sendatu eta idartu behar dela“. Gu, bai saiatu garela legegintzaldi osoan zehar desberdintasunen gainetik Osasun Publikoaren defentsan prest egon diren guztiekin elkarlanean aritzen. Konbentzimendu osoa dugulako, Osasun Sistema Publikoa guztion artean eraiki behar dugula, langileekin, sindikatuekin, herri plataformekin, elkarteekin”, nabarmendu du Kortajarenak.


Osasun Sistempa Publikoa berreraikitzeko konpromisoa berretsiz amaitu du hitzartzea EH Bilduko ordezkariak: “Hauteskunde hitz emate hutsetik haratago, gure eguneroko lana da zuekin hartu nahi dugun konpromisua. Orain arteko euste zereginetik Osasun Sistema Publikoa berreraikitzeko zereginetara pasatu nahi dugu eta pasatzeko beharra dugu. Ilusioz eta indarrarekin. Horretarako, apirilak 21etik aurrera aldaketari bidea irekitzera gonbidatu nahi zaituztegu”.