AKTUALITATEA


| 2025-09-30 17:00:00

Legealdiaren erdibidera iritsita, autokonplazentzia alde batera utzi, egiteko moduak aldatu, eta lidergoa hartu dezala eskatu dio Maddalen Iriartek Eider Mendoza Diputatu Nagusiari, EH Bilduren eskua luzatuta. Eta ohartarazi du orain artekoan jarraituz gero, “hau galdutako legealdia” izango dela.


Gipuzkoako Batzar Nagusietako politika orokorreko osoko bilkuran, EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaile Maddalen Iriartek aldarrikatu du “badela garaia” Foru Aldundia gobernatzen duten bi alderdiek “aritmetikari begiratzeari utzi, eta herri ikuspegia izango duten politikak lehenesteko”. Izan ere, legealdiaren bigarren erdira iritsita, “konformismoa alde batera uzteko eskatu dio Diputatu Nagusiari, eta adostasun zabalen bitartez herrialdeak dituen erronkei heltzeko. Orain arteko egiteko moduekin jarraituz gero, Iriartek ohartarazi du, “hau galdutako legealdia” izango dela.


Urratsak behar dira, batetik, zaintzaren korapiloa askatzen hasteko. EH Bilduk argi dauka unibertsala eta publikoa izan behar duela herritarren zaintzak, merkantilizaziorik gabea. Zaintzarena da egun koordaintzen den zerbitzu bakarra, eta horren aurrean, Iriartek proposatu du “diru sarrera mugak zabaltzea, herritarrek zaintza zerbitzuengatik ordaintzen duten kopurua murrizte aldera”. Eredua aldatzeko lan egin behar du Aldundiak, eta langileen baldintzak duindu, azpikontratazioa mugatuz edo, gizarte-klausulak ezarriz kontratazio publikoan. Gaurko bilkuran, zaintza beharretara bideratutako Foru sozietate baten sorreraren berri eman da, organo horren funtzioa zein izango den azaldu gabe. Iriartek Diputatu Nagusiari eskatu dio argitu dezala zertarako eratuko den sozietate hori, zaintzaren esparru publikoa hedatzen lagunduko duen, ala merkantilizazioaren logikan esparru pribatuari atea irekiko dion...


Gipuzkoako biztanleen %5,6k bizi duten pobrezia larriari ere erreparatu dio Iriartek; pobrezia feminizatua, zalantzarik gabe. Save The Childrenek egoera hori iraultzeko proposatutako bi neurri fiskalitate akordioan jasotakoak direla azaldu du Iriartek: “errenta aitorpenaren unibertsalizatzea eta kreditu fiskal itzulgarriak”. Horrek esan nahi du gobernu honek aukera galdu zuela aberastasuna era justuagoan banatzen hasteko.


Ekonomiari dagokionez, bestetik, politika industrial eta ekonomiko aktiboak aldarrikatu ditu EH Bilduk. Ahultasun zantzuen aurrean, ezinbestekoa baita administrazioak enpresa txiki eta ertainei bultzada ematea, lurraldean errotzea, eta horretarako “bideorria marraztea herri ikuspegiz; udalekin, mankomunitateekin eta garapen agentziekin batera”.


Hizkuntza politikan ere jarri du azpimarra Iriartek, ohartarazita “2036. urtera begirako proiekzio demolinguistikoek erdararen nagusitasuna jartzen dutela jopuntuan, euskararen kalterako”. Eta, Euskal Herriko kaleetan entzuten den euskararen erdia baino gehiago Gipuzkoan ekoizten den arren, dio, “Aldundiak erantzukizun handia duela politika eraginkor eta anbiziotsuak abian jartzeko”.


Laburbilduz, EH Bilduren bozeramaileak argi utzi du “aurrera eraman beharreko eraldaketen tamainaz jabetu beharra duela Foru Aldundiak; egoera konplexuei partxeak jartzen ibili gabe, neurri estrategikoak martxan jartzeko”. Hori guztia “norekin” egingo duen aukeratu dezala ere eskatu dio Eider Mendoza Diputatu Nagusiari; “herri honen gehiengo oso zabal batekin egin edo haiei muzin eginez".