AKTUALITATEA


| 2026-05-29 14:43:00

Eusko Jaurlaritzak Tolosako ospitalearen plan funtzionala aurkeztu ondoren, horren inguruko galdera egin dio EH Bilduren legebiltzarkide Rebeka Uberak Eusko Legebiltzarrean Osasun sailburuari. Dokumentua ez dela plan funtzional bat salatu du. Halaber, dokumentuan jasotzen denez, gaur egun Tolosaldean eskaintzen diren hainbat osasun zerbitzu desagerraraziko dituela salatu du.


Legebiltzarkideak bere hitzartzean salatu du denbora luzez zain egon ondoren aurkeztutako dokumentuak agerian uzten duela Tolosalderako aurreikusten dena ez dela ospitale bat. “Lehen aldiz ikusten dugu plan funtzional batean definiziorik gabeko azpiegitura baten planteamendua. Dokumentuak berak dio Donostialdeko ESIaren azpiegitura izango dela eta bertako langile guztiak ESI horretakoak izango direla”, esan du.

Halaber, ohartarazi du planak gaur egun Tolosaldean eskaintzen diren hainbat osasun zerbitzu desagerraraziko dituela; hala nola kirurgiak, akutuen ospitalizazioa eta gaur egun Asuncion Klinikan egiten diren hainbat ebakuntza, besteak beste. “Patologia konplexuak ospitale unibertsitarioetara bideratzea ulergarria izan daiteke, baina oinarrizko zerbitzuak kentzea ez. Honek ez du osasun arreta hobetzen; kontrakoa egiten du”, deitoratu du.

Era berean, proposamenak Donostiako ospitale sistemaren saturazioa areagotuko du.

Plan funtzionalak Tolosaldeko ESIaren etorkizuna ere ez du argitzen. EH Bilduren iritziz, planteamendu honekin Tolosak irisgarritasuna eta zerbitzuak galduko ditu, eta Donostia gehiago saturatuko da. Tolosaldea Donostiako zentro satelite bihurtuko da eta eskualde izaera galduko du.

Horregatik, EH Bilduren ustez Asunción Klinikaren publifikazioa aztertu behar da. “107 milioi euro zementuan xahutu ordez, egiturazko konponbide integral eta eraldatzaile bat behar dugu. Aukera historikoa dugu Tolosaldeko osasun sistema indartzeko, ez arazoak areagotzeko”, defendatu du Uberak.