AKTUALITATEA


| 2025-03-21 12:15:00

Gipuzkoako Batzar Nagusiek irmoki salatu dituzte lanpostu publikoen hizkuntza-eskakizunen kontrako epaiak, jomugan jartzen dutelako toki-erakundeak euskara sustatzeko egiten ari diren bidea.

Martxoko osoko bilkuran hasitako bideari jarraituz, zeinetan EH Bilduren ekimenez, euskarari segurtasun juridikoa emango dioten beharrezko lege-aldaketak eta hizkuntza-politikan jauzi bat emateko behar diren tresna juridiko berrien garapenaren alde lan egitea onartu zen, EH Bilduk apirilaren 9ko osoko bilkuran Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza diputatu Irune Berasaluze interpelatuko du azal dezan ea aldundiak eutsiko dien orain arte Lan Eskaintza Publikoetan ezarri izan dituen hizkuntza-eskakizunei.

Hil honetan bertan, komunikabideen bidez jakin da Bizkaiko Foru Aldundiak arindu egin nahi dituela hurrengo oposizioetarako hizkuntza-eskakizunak, eta kezka handiz jaso du EH Bilduk berri hori. Hortik dator Berasaluze diputatuari interpelazioa egiteko beharra.

EH Bilduk dagokion arduratik zorrotz jarraituko du gaia eta behar diren ekimenak abiatuko ditu, izan instituzioetan zein bestela. Gizarte mugimenduek egiten dituzten ekimenetan lagunduz. Esaterako, Euskalgintzaren Kontseiluak, LABek eta ELAk gaur, martxoak 21, Donostian antolatu duten elkarretaratzean parte hartu dute Gipuzkoako EH Bilduko hainbat ordezkarik, Maddalen Iriarte bozeramaileak, besteak beste.