AKTUALITATEA


| 2021-10-31 11:51:00

EH Bilduko ordezkariek, Kutxa Fundazioaren Patronatura sartu zirenetik, lurraldeko atxikimendu eta babes sozioekonomikoa bermatzeko helburua dute. Helburu hori obra sozialaren bidez garatu behar dela sinetsita, norabide horretan egin dituzte orain arteko proposamenak.

Kutxa Fundazioaren Patronatuan aurkeztutako 2030 Plan Estrategikoan, obra soziala mantentzeko eta indartzeko helburua jaso da; euskararen, feminismoaren eta ekologiaren aldeko ardatzak indartuta. Besteak beste, EH Bilduk proposatu eta gainerako partaideek ere onartutako eremuak dira hiruak, eta, koherentziaz, planari babesa adierazi diote EH Bilduren ordezkariek. 2030 Plan Estrategikoa patronatuan onartu bada ere, EH Bilduk argi utzi nahi du babestutako dokumentuak ez ziola erreferentziarik egiten inolako salmenta prozesuri, eta, ondorioz, ez dela egia Miramongo Kutxaespazioaren edota Arotz Enearen itxiera babestu denik.

EH Bilduren egitekoa obra soziala indartzea da, lurraldeko eremu sozioekonomikoa  babesteko, eta euskara, feminismoa eta ekologia indartzeko lanari eusteko. Kutxa Fundazioarena gipuzkoarron diruarekin eraikitako obra soziala den neurrian, obraren onura Gipuzkoarako izan behar duela babesten du EH Bilduk, eta guztiz alboratzen ditu espekulazio operazioak. Norabide horretan lanean jarraituko du aurrerantzean ere: Kutxa Fundazioan patronukide gisa parte hartzen duten ordezkarien bidez, zein instituzioen eremuan dagozkion ekimenak erregistratuta.