AKTUALITATEA


| 2019-09-08 15:28:00

EH Bilduren ordezkaritza zabal bat Hondarribian izan da gaur Jaizkibel konpainiari bere babesa adierazten eta salatu dute oraindik ere erakunde publikoen babesik gabe desfilatu behar duela berdintasunaren alde lanean ari diren konpainiak.

 

Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako bozeramaileak egin ditu adierazpenak eta berarekin izan dira, besteak beste: Nerea Kortajarena legebiltzarkidea; Marian Beitialarrangoitia, Esther Agirre, Joxemari Carrere, Oskar Bordes eta Maitane Gonzalez batzarkideak; eta EH Bilduko talde feministako hainbat kide.

 

“Gaur gozatzeko eguna da, baina ezin dugu ahaztu oraindik ere ezin dutela guztiek berdintasunean disfrutatu. Oraindik ere, Jaizkibel konpainiako emakume eta gizonek aparte desfilatu behar dute, eta erakunde publikoen babesik gabe. Egoera hau onartezina da”, adierazi du.

EH Bilduk aurrerapausotzat jo du udaleko alderdi guztiek jaietan errespetua eskatuz egindako adierazpen bateratua. “Baina zoritxarrez, oraindik ere ikusi ahal izan ditugu Jaizkibel konpainiak kale Nagusia igaro duenean jasotako mespretxu mezuak. Horretan ez du laguntzen Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olano jaunak, Txomin Sagarzazu alkateak, eta EAEko lehendakariak, Iñigo Urkullu jaunak, bizkar emateak euren jaietan berdintasunean parte hartu nahi duten gizon-emakumeei”.

 

Zentzu horretan, Izagirrek elkarrizketak berrabiarazteko beharra nabarmendu du. “Oinarrizko eskubideak errespetatzen ez diren egoera batean, arduradun politikoek erantzukizunez jokatu beharra daukagu. Ezinbestekoa da hasitako elkarrizketak berriro hartu, bultzatu eta guztion artean guztion eskubide guztiak bermatuko dituen konponbide bat ematea egoera honi. Elkarrizketan egin behar dugu indarra”.

 

Bukatzeko, Jaizkibel konpainiari eta berdintasunaren alde lanean ari diren herritar guztiei eskerrak eman dizkie Izagirrek, jaiak gozatzeko desioa luzatzearekin batera.