AKTUALITATEA


| 2021-11-12 10:51:00

Gaur aho batez onartu da Batzar Nagusietan, Gobernantza Batzordearen barruan, ponentzia bat sortzea, Gipuzkoako 2/2003 Foru Arauaren berrikuspen juridikoari buruz eztabaidatzeko. Angiozarrek eta Itsasok 2/2003 Foru Araua aldatzeko Batzar Nagusietan egindako eskaeren aurrean, 2021eko urriaren 13an ospatutako Osoko Bilkuran, garbi geratu zen alderdi guztiak ados zeudela arauaren berrikuspenarekin.

Beharrezko ikusten dugu Angiozar eta Itsasok adierazitako nahiei erantzutea. Horregatik, egoki deritzogu erantzun hau martxoaren 17ko 2/2003 Foru Arau osoaren berrikuspenaren esparruan jorratzea, bi herri hauen eta antzeko egoeretan dauden herri guztietako herritarren gehiengoaren nahia errespetatua izan dadin.

Aipatutako araua indarrean jarri zenetik oinarrizko izaeraz onartu diren lege aldaketak izan dira, baita lege horiek lurralde historikoetan aplikatzeari buruzko epaiak ere. Guzti hau berrikuspenaren baitan egokitu beharko litzatekeela uste dugu.

Azterlan hori batzarkide taldeen, beste ordezkari instituzional eta adituen ekarpenen eta inplikatutako herrien ordezkarien parte hartzean oinarritu nahi dugu. Lanak bukatzerakoan ponentziak txosten bat egingo du, lanaren ondorioak jasotzeko.

Metodologiari dagokionez, agerraldiak proposatuko dira: adituak, Itsaso eta Angiozarreko herritarrak, antzeko egoeran dauden beste herrietako ordezkariak...

Lanak bukatzeko epea hiru hilabetekoa izango da, 2021eko azaroan hasita, baina Batzordeak egoki baderitzo luzatzeko aukera izango du. Bilkurak irekiak izango dira eta ponentzia talde batzarkide bakoitzeko bi ordezkarik eta Foru Aldundiko ordezkari batek osatuko dute.