EH Bilduk eta EAJ-k gai honetan duten oinarrizko adostasuna baliatuta ekingo zaio foru arauaren aldaketari.
EH Bilduk bultzatutako proposamenaren arabera, udal-barrutiak erregulatzen dituen foru arauak honakoa jaso beharko du: “60ko hamarkadan biztanleen borondate demokratikoa kontuan izan gabe beste udalerri bati batu izan ziren herrien kasuetan, foru arau honetan xedatuta dagoen 500 biztanleen kopuruaren baldintza betetzetik salbuetsiak egongo dira”. Horrenbestez, eta baldintza hori foru arauan jasota, Itsaso eta Angiozar tokiko entitate txiki izango lirateke.
Aukera-leiho hau irekita, auzo horietako eskaera historiko bati erantzungo zaio, euren eguneroko kudeaketa erraztuz eta autonomia handiagoa emanez, besteak beste.
Ilusioz begiratzen dio EH Bilduk hastear den tramitazio faseari, lurraldeko hainbat auzo eta herri aldaketa horren zain daudelako ibilbide instituzional berri bati ekin ahal izateko. Hala ere, ezin dugu ahaztu Gipuzkoako Foru Aldundiak 2019-2023 agintaldian iskin egin ziola aldaketa hori gauzatzeko bere erantzukizunari, eta agintaldi honetan ere, EH Bilduk hartu behar izan duela gidaritza, ekimena Batzar Nagusietara ekarrita.
Txalotzen dugu, beraz, azkenean EAJ-k ere aldaketa-proposamena aurkeztu izana, eta beraz, Gipuzkoako bi alderdi nagusiek elkarrekin egin ahal izatea foru araua aldatzeko aurrera urratsa. Gauzak horrela, datorren urriaren 8ko osoko bilkuran, foru arauaren aldaketarako tramitazioari argi berdea emango diote Batzar Nagusiek, Itsaso eta Angiozar tokiko entitate txiki izan daitezen.